Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Austriak martxan jarri nahi ditu berriz mugetako kontrolak
Hungariako mugetatik igaro nahi duten errefuxiatuen kontrolari ekin nahi dio berriz. 15.000 errefuxiatu hartu ditu asteburu honetan Austriak, eta 13.000 asilo eskaera jaso dituzte Alemanian.
Agentziak | Erredakzioa
Austriako Gobernuak iragarri du berriz ere martxan jarriko dituela, apurka-apurka, Hungariako mugetatik igaro nahi duten errefuxiatuen kontrola, azken bi egunetan bidea libre utzi ostean.
''Beti esan izan dugu larrialdi egoera bat zela, eta berehala jardun behar zela. 12.000 laguni baino gehiagori lagundu diogu, eta, orain, gutxika larrialdi neurrietatik aldendu behar dugu, eta normaltasunerantz jo, legearen eta duintasunaren barruan'', esan du Werner Faymann Austriako kantzilerrak.
Austriak 15.000 errefuxiatu hartu ditu asteburu honetan, eta Alemanian, berriz, 13.000 asilo eskaera.
Errefuxiatuen banaketa
Europako estatuek banatuko dituzten 120.000 errefuxiatuetatik 15.000 hartzea proposatuko diote Espainiari, % 12,4, alegia. Hungariatik, Italiatik eta Greziatik datozen errefuxiatuak dira. Zenbateko berri hau maiatzean bertan Bruselak Espainiari proposatutakoaren halako hiru da. Hain zuzen ere, 40.000 errefuxiatu banatu behar zituzten orduan, eta 4.288 hartzea proposatu zioten Espainiari (% 10). Espainiak, azkenik, 1.300 hartzea onartu zuen, eskatutakoaren heren bat baino gutxiago. Hala ere, ez zuen baztertu zenbateko hori berriz aztertzea abenduan.
Espainiako Gobernuaren bilera
Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak bilera egingo du astelehen honetan errefuxiatuen krisia jorratzeko. Hitzordu horretan izango dira, besteak beste, Barne ministroa, Segurtasun ministroa eta Enplegu ministroa.