Mundua -

Afganistan

Mugarik Gabeko Medikuen ospitale bat bonbardatu dute AEBk Afganistanen

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak salatu duenez, 19 lagun hil eta 37 pertsona zauritu dira Ameriketako Estatu Batuek Kunduz hiriaren kontra egindako aire-erasoan.

AEBk Mugarik Gabeko Medikuen ospitale bat bonbardatu dute Afganistanen. Argazkia: EiTB
AEBk Mugarik Gabeko Medikuen ospitale bat bonbardatu dute Afganistanen. Argazkia: EiTB
AEBren bonbarketa gogor salatu du Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 lagun hil eta beste 37 pertsona zauritu dira AEBk Afganistango Kunduz hiriko ospitale baten kontra egindako erasoan, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak salatu duenez.

Hildako artean erakundeko 12 langile eta 7 gaixo daude, horietako hiru haurrak. Halaber, zaurituetako 19 Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko langileak dira -horietako 5 egoera larrian daude- eta gainerako 18ak, ostera, gaixoak eta zaintzaileak.

"Hildakoen kopurua hazten ari da bonbardaketa izugarri horretan gertatutakoa geroz eta argiago daukagulako", adierazi du erakundeak kaleratutako ohar batean. Halaber, hainbat kideren berririk ez dutela salatu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak.

Ospitalearen kontrako erasoa "gaitzetsi" eta talibanek, Afganistango armadak eta AEBk ospitalearen kokapena ezagutzen zutela salatu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Kunduz hirian irekita zegoen ospitale bakarra ei zen gaur suntsitutakoa eta "oso kaltetuta" gelditu da Mugarik Gabeko Medikuen arabera. Are gehiago, aire-erasoa ostiraleko 02:10ean hasi eta luze iraun zuela salatu du.

"Kabuli eta Washingtoni ospitalearen kokapenaren berri eman ostean ere beste 30 minutuz luzatu dira bonbardaketak", salatu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak.

Ameriketako Estatu Batuek barkamena eskatu dute

John Campbel AEBko jeneralak barkamena eskatu dio Ashraf Ghani Afganistango presidenteari Mugarik Gabeko Medikuen ospitalearen kontrako erasoarengatik.

Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko ospitale bat suntsitu dutela aitortu dute iturri estatubatuarrek eta gertaturikoa argitzeko ikerketa hitzeman dute. Brian Tribus Armada estatubatuarrak Afganistanen duen bozeramailearen esanetan, 02:15ean aire-erasoa egin dute Kunduz hiriaren kontra.

Afganistango Gobernuak adierazi duenez, talibanak ezkutatzen ei ziren ospitalearen barruan. Dena den, talibanen bozeramaile batek informazio hori gezurtatu du.

Bonbardaketaren balizko "izaera kriminala" salatu du NBEk

Zeid Raad al Hussein Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen goi mandatariak salatu duenez, AEBren bonbardaketak izaera kriminala izan dezake.

Haren esanetan, erasoa "tragikoa eta barkaezina da eta, are gehiago, kriminala ere izan daiteke". Ildo horretan, ikerketa bat abiatzea eskatu du gertaturikoa argitzeko.

Ban Ki-moonek "ikerketa inpartziala" egitea eskatu du

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, bere prentsa-bulegoak igorri duen adierazpen baten bitartez, gogor salatu du erasoa. "Idazkari nagusiak gogorarazi nahi du ospitaleak eta sendagileak bereziki babestuta daudela lege humanitarioengatik", gaineratu du adierazpenak. Horrez gain, erasoari buruzko "ikerketa inpartziala eta zorrotza" egiteko deia egiten du, erantzuleek egindakoarengatik ordain dezaten.

Astelehenaz geroztik talibanak eta Afganistango soldaduak borrokan ari dira hiriaren kontrola hartzeko eta estatubatuarrak aire bidezko laguntza ematen ari dira afganistandarrei.

Astelehenean Kunduz hiriaren kontrola hartu zuten talibanek, 2001z geroztik talibanek lorturiko garaipenik nabarmenean.

AEBren laguntzaz Kunduz hiriaren kontrola berreskuratu zutela aldarrikatu zuten asteazkenean Afganistango soldaduek, baina geroztik borroka gogorrak izaten ari dira bi aldeen artean hiriko hainbat tokitan.

Ameriketako Estatu Batuek 9.800 soldadu dituzte Afganistanen eta bertan egongo dira urtea amaitu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak