Mundua -
Libia
NBEk batasun nazionaleko gobernua iragarri du Libian
NBEko ordezkariak azpimarratu du batasun nazionaleko gobernua osatzeko prozesuak aurrera jarraituko duela, Kongresu Nazional Orokorra gehitzen ez bada ere.
Agentziak | Erredakzioa
Bernardino Leon NBEren Libiarako ordezkari bereziak batasun nazionaleko gobernu bat eratzeko proposamena iragarri du. Proposamen horrek aurkari diren Libiako bi legebiltzarren oniritzia jaso behar du.
Leonen arabera, NBEk batasun nazionaleko gobernua osatuko duten kideen zerrenda proposatu du, eta elkarren aurka ari diren bi legebiltzarrek proposamena aldarte onez hartzea espero duela erantsi du.
Hori horrela, Faiz Serraj (55 urteko legebiltzarkide independentea) lehen ministro lanetan arituko da, eta hiru ministrorde eta bi estatu-ministro egongo dira berarekin batera presidente-batzordean.
Zerrenda horrez gain, NBEren ordezkariak Libiako elkarrizketetan parte hartzen ari diren agintariek proposatutako beste zerrenda bat ere iragarri du.
"Libiarrek gure proposamena ezkor jasoko dutela uste dugu, gaur egun herrialdean egoera zaila baitute", esan du. Aipatutako gobernua, baina, urriaren 20an aurkeztuko dutela aurreratu du.
NBEren ordezkariak azpimarratu du batasun nazionaleko gobernua osatzeko prozesuak aurrera jarraituko duela, Kongresu Nazional Orokorra batzen ez bada ere. Aipatutako taldeak Tripolin dauka ordezkaritza, eta hiriburua eta herrialdearen % 75 ditu kontrolpean.
Libia porrot egindako estatua da, gerra zibilaren eta kaosaren biktima, nazioarteak 2011n Muamar Gadafiren aurkako altxamendu militarra babestu zuenetik.
Azken hauteskundeak egin ondoren, boterea Tobruk eta Tripoli bitartean egon da banatuta. Bi gobernu horiek talde islamista, gerrako jauntxo, tribuetako buru eta arma-, petrolio-, pertsona- eta droga-trafikarien babesa jasotzen dute.