Mundua -
22 lagun hil ziren
AEBk Kunduzko ospitalearen biktimei kalte-ordainak emango dizkie
Afganistango Kunduz hiriko ospitalea suntsitu zuen AEBk bonbardaketa batean, eta 22 lagun hil zituzten; horietatik 12 Mugarik Gabeko Medikuen kideak ziren. "Akatsa" izan dela onartu d AEBk.
Agentziak | Erredakzioa
Afganistango Kunduz hiriko MSF Mugarik Gabeko Medikuen ospitalea suntsitu zuten Ameriketako Estatu Batuek joan den asteburuan egindako erasoan eta 22 lagun hil zituzten. Pentagonoak iragarri duenez, zauritutako zibilei eta senideei kalte-ordainak emango dizkie.
"Defentsa Departamenduak uste du garrantzitsua dela Mugarik Gabeko Medikuen ospitaleari egindako erasoaren ondorioak bere gain hartzea", adierazi du Peter Cook bozeramaileak.
Afganistanen dauden indar estatubatuarrek "kaltetuek dagozkien ordainak jaso ditzaten lan egingo dute", gaineratu du.
Beharra ikusiz gero, Kongresuaren laguntza eskatuko dutela gaineratu du Pentagonoko eledunak. Ameriketako Estatu Batuek onartu egin dute MSFren ospitaleari egindako erasoa ‘akatsa’ izan zela. Barack Obama presidenteak barkamena eskatu du asteon, eta erasoa "gerra krimena" izan daitekeen zantzuarekin lanean ari dela gaineratu du.
MSFk, ostera, gezurtatu egin du Afganistango Gobernuak esandakoa, alegia, ospitalean terroristak zeudenik eta eraikina erabiltzen ari zirenik. Hain justu, arrazoi hori eman zuen aurrena Obamaren Gobernuak erasoa arrazoitzeko.
Ikerketa Batzordea
AEBtako Defentsa Ministerioa gertakaria ikertzen ari da eta hilabete barru emango du emaitzen berri. Mugarik Gabeko Medikuek, halere, ikerketa batzorde independentea galdegin dute, Pentagonoaren ikerketa partziala izan daitekeela argudiatuta.