Mundua -
KOLONBIA
ELNren azken erasoak Kolonbiako giro politikoa gaiztotu du
Gutxienez 12 soldadu hil ziren eta bi larri zauritu, ustez Nazio Askapenerako Armadak (ELN) atzo egindako eraso batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aspaldiko urteotako hauteskunde baketsuenak egin ziren igandean Kolonbian, baina giroa goitik behera aldatu da ordu gutxian. Izan ere, ustez Nazio Askapenerako Armadak (ELN) atzo egindako erasoak gaiztotu egin du giro politikoa: 12 pertsona hil ziren eta bi larri zauritu eraso horretan. Hamaika soldadu eta polizia bat dira hildakoak.
Atentatuak lotura zuzena du igandean Kolonbiako herritarrek alkateak eta gobernadoreak aukeratzeko egin zituzten hauteskundeekin. Hain zuzen, U’wa komunitateko indigenek (Bachira erreserbakoak) emandako botoak zaintzen ari zen soldadu taldearen kontra egin zuten erasoa (ELNko kideek, antza).
Guican herrian izan zen atentatua, Kolonbia erdialdean, Cocuy Parke Naturaleko gune batean.
Bestalde, hiru pertsona desagertuta daude igandetik; hauteskundeak antolatzeko ardura zuen taldeko bi pertsona (Kolonbiako Gobernuaren bi ordezkari) eta begirale lanak egiten ari zen U’wa komunitateko kide bat.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak gogor gaitzetsi zuen atentatua, eta ELNren kontrako neurri militarrak indartzeko agindua eman zuen. 2014. urtetik daude Gobernua eta ELN elkarrekin harremanetan, bakea bideratzeko asmoz.
Atentatua ELNk egin duela baieztatuz gero, Nazio Askapenerako Armadak azken urteotan egin duen erasorik gogorrena izango litzateke igandekoa.
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak akordioa izenpetu zuten uztailaren 20an, eta giroa asko baretuta zegoen ordutik herrialde horretan.