Mundua -
SIRIAKO GERRA
Siriako gerrari irtenbidea emateko goi-bilera abiatu dute Vienan
Dena dela, Siriako gerrako bi protagonista nagusiek, Al Asadek eta oposioko taldeek, ez dute parte hartuko bileran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Siriako gerrari irtenbide adostu bat emateko inoiz egin den goi-bilerarik handiena abiatu da gaur Vienan. Duela lau urte hasitako gerraren ondorioz, dagoeneko, 250.000 pertsona baino gehiago hil dira, gobernuz kanpoko erakundeek emandako datuen arabera.
Hala ere, hutsune nabarmen batekin ekin diote: Siriako gerrako bi protagonista nagusiek, Bachar Al Asad Siriako presidenteak eta oposizioko taldeek, ez dute parte hartuko bileran.
Lehen aldiz, hori bai, Siriarekin lotura zuzena duten nazioarteko eragile ia guztiak mahai baten bueltan eseri dira, konponbide bila: tartean dira, besteak beste, Errusiako eta Irango buruzagiak, Al Asaden aliatu nagusiak. Siriaren aurkari nagusiak ere bileran dira; AEB, Saudi Arabia eta Turkia.
Bilerara sartu aurretik, Frank Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri Gaietako ministroak onartu du Siriarako "konponbide politikoa, oraindik, urruti" dagoela, baina nazioarteko eragile nagusiak mahai berean esertzea "urrats oso garrantzitsua eta itxaropentsua" dela Siriarentzat.
Azken egunotan AEBek, Errusiak, Turkiak eta Saudi Arabiak egindako bilera-errondaren ondotik dator gaurko goi-bilera.
Siriarako trantsizio politikoa gauzatzeko Al Asad boteretik kentzea izan da, orain arte, AEBek eta Saudi Arabiak jarritako baldintza. Horren kontra agertu dira Errusia eta Iran, hasieratik. Gai hori izango da, beraz, bilerako eztabaidagaietako bat.
Azkenaldian, dena dela, Estatu Batuek eta Europako Batasunak jarrera malguagoak agertu dituzte, Al Asaden jarraipenaren inguruan.
Siriako Gobernuarentzat eta oposizioko milizientzat onargarria izango den plan baterako lehen urratsak zehaztea da Vienan bilduta daudenen erronka nagusia.