Mundua -
HEGAZKIN ISTRIPUA
Istripuan hildakoen gorpu gehiago iritsi dira Errusiara
Oraindik ikerketa zabalik dagoen arren, aire konpainiak ziurtatu du aparatua teknikoki egoera zuzenean zegoela, eta, beraz, 'kanpoko ekintzaren batek' eragin zuela istripua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sinaiko (Egipto) hegazkin istripuan, joan den larunbatean, hildako 224 bidaiariren gorpu ia gehienak eraman dituzte Errusiara, zendutakoen jaioterrira. Atzo, 140 gorpu iritsi ziren, eta, gaur goizean, biktimen gorpuak zeramatzan beste hegazkin batek lur hartu du San Petersburgoko aireportuan.
Errusiako Gobernuak larrialdietarako erabiltzen duen hegazkin bat ari da gorpuak Sinaitik Errusiara eramaten; hildakoen dokumentuak eta bestelako objektuak ere jaso dituzte, ikerketarako eta biktimen identifikaziorako.
Sharm el Sheij Egiptoko bainuetxetik San Petersburgora bidea egiten ari zen istripua izan zuen hegazkina, Airbus 321 motakoa. Aireratu eta 23 minutura lehertu zen airean, eta barruan zihoazen 224 pertsona lekuan bertan hil ziren.
Adituak hegazkin zatiak ikertzen ari dira
Hegazkin ezbeharraren nondik norakoak argitzeko osatutako batzorde teknikoa hegazkin zatiak ikuskatzen ari da gaur tokian bertan eta, behin hori eginda, kutxa beltzak aztertzen hasiko dira.
Aipaturiko batzordeko teknikoa Egiptoko, Errusiako, Alemaniako, Frantziako eta Irlandako adituek osatzen dute. Hegazkina erori zen tokian bertan elkartu dira gaur, Egiptoko Sinai penintsulan, zehazki, Al Hasana inguruan.
Hegazkintza Zibileko Egiptoko ministroak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean bilaketa lanak amaitzea espero dute eta, gero, ikerketa lanak hasiko dituzte.
Ikerketa lan horien baitan, hegazkineko kutxa beltzetan grabatuta dagoen informazioa eta gainerako froga guztiak aztertuko dituzte, ministroaren arabera. Kutxa beltzen analisiak ezbeharraren zergatiak argitzea espero dute.
Oraindik argitzeke daude ezbeharraren zergatiak
MetroJet aire konpainiaren hegazkina zen. Oraindik ikerketa zabalik dagoen arren, konpainiak ziurtatu du aparatua teknikoki egoera zuzenean zegoela, eta, beraz, "kanpoko ekintzaren batek" eragin zuela istripua.
Hegazkingintza zibil errusiarreko agintariek, bestalde, ikerketek bere bidea egin arte, istripuaren arrazoien inguruko informaziorik ez kaleratzeko deia egin dute.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere zuhurtziarako deia egin zuen atzo; tragediaren arrazoiak argitzeko bitarteko guztiak jarriko dituztela hitza eman zuen. Errusiako hegazkingintzaren historian inoiz izan den istripurik larriena da larunbatekoa.