Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Austriak 3,7 kilometroko hesia altxatuko du Esloveniarekin duen mugan
Esloveniak hala eskatuta, 25 km luze dituen hesia egiteko egitasmoa baztertu du Austriak, oraingoz behintzat.
Agentziak | Erredakzioa
Austriako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, 3,7 kilometro luze izango dituen hesia altxatuko du Spielfeld pasagunean, Esloveniarekin duen mugan. Balkanetako ibilbidea erabiltzen dute milaka errefuxiatuk, eta Austriak olde hori kontrolatu nahi omen du neurri horrekin.
Konrad Kogle Segurtasun Publikorako zuzendari orokorrak prentsaurrekoan azaldu duenez, G-7 motako hesia paratuko dute, Nazioarteko goi-bileretan sarbideak blokeatzeko erabiltzen den sare mugikor eta metalikoa, txarrantxarik gabekoa.
Dena dela, Koglek berak aitortutakoaren arabera, baliteke larrialdi egoeretan txarrantxa edo alanbre arantzaduna erabiltzea, "ehunka lagunek aldi berean muga igarotzen saiatuko balira, adibidez". Erantzuna tamainakoa izango dela nabarmendu du Koglek.
Bi hilabeteren buruan, gutxi gorabehera, izango dute prest hesia.
Bestalde, Johana Mikl-Leitner Austriako Barne ministroaren esanetan, Austriak baztertu egin du 25 kilometroko hesia egiteko egitasmoa, oraingoz behintzat. Esloveniak egindako eskaera aintzat hartu dute, horrenbestez.