Mundua -
Atentatua Bamakon
Maliko Gobernuak larrialdi egoera ezarri du hamar egunez
Azken balantze ofizialaren arabera, Bamako hiriburuko Radisson hotelaren kontrako erasoan 19 pertsona hil zituzten. Gainera, Segurtasun Indarrek 2 terrorista hil zituzten.
agentziak | erredakzioa
Maliko Gobernuak larrialdi egoera ezarri du "herrialde osoan" hamar egunez, ostiralean Bamako hiriburuko hotel baten kontra izandako atentatuaren ondotik. Guztira, 170 pertsona zeuden Radisson hotelean erasotzaileak sartu zirenean, atzerritarrak gehienak.
Larunbat gauerdian sartu da indarrean larrialdi egoera eta hamar egun iraungo du. Gainera, Gobernuak hiru dolu egun ezarri ditu astelehenetik aurrera.
Hasiera batean atentatuan 27 pertsona hil zituztela zabaldu bazen ere, Ibrahim Boubacar Keïta Maliko estatuburuak emandako azken datuen arabera, Bamako hiriburuko Radisson hotelaren kontrako erasoan 19 pertsona hil zituzten. Gainera, Segurtasun Indarrek 2 terrorista hil zituzten. Bestalde, RFI irrati katearen arabera, zazpi lagun zauritu ziren erasoan.
"Gure indarrek, ausardiaz, hotelean zeuden guztiak akabatzeko prest zeuden fanatiko horiek menderatzea eta indargabetzea lortu dute", azpimarratu du Keitak. Ildo berean, esker oneko hitzak izan ditu operazioan lagundu duten herrialdeekiko eta, bereziki, Frantziarekiko eta AEBrekiko.
Al Murabitun eta Magreb Islamikoaren Al-Qaida talde jihadistek aldarrikatu dute erasoa, eta hura elkarriekin gauzatu dutela azaldu dute, Al Ajbar agentziari egindako dei batean. Enpresa horrek iturri onak izan ohi ditu talde jihadistekin. Lehen aldia da bi talde terroristek atentatu bat elkarlanean egin dutena.
Erasoa ostiral goizaldean gertatu zen. Matrikula diplomatikoa zeraman auto batetik lau lagun jaitsi, eta hotelean sartu ziren. Horretarako, atea zaintzen ari zirenak tirokatu zituzten, horietako bi larri zaurituz.
Ondoren, erasotzaileek Radisson hotelean sartzea lortu zuten, hiriburuko hotel seguruena dela zioten arren. Hotelean, 170 pertsona zeuden erasotzaileak sartu zirenean; atzerritarrak gehienak.
Bahituen artean, teknologia berriei buruzko kongresu batean parte hartzera zihoazen atzerritar ugari zeuden, segurtasun indarretako eta hoteleko iturrien arabera. Tartean, 20 indiar, hainbat frantziar, txinatar eta turkiar ei zeuden.
Al Murabitun
Al Murabitun talde jihadistak Mali iparraldean du oinarria, eta tuaregek eta herritar arabiarrek osatzen dute, eta erasoa beregain hartu badu ere, ez dago mezuaren egiazkotasuna egiaztatzerik.
Al Murabitun 2013an sortu zen, Odol Sinatzaileen batailoiak eta Afrika Mendebaldeko Jihadaren Batasunaren aldeko Mugimenduak bat eginda.
Aurreko maiatzean, Al Murabitunen buruek leialtasuna agertu zioten Estatu Islamikoari, baina horrek oraindik ez du onartu leialtasun hitzematea.