Mundua -
13 hildako eta 20 zauritu
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Tunisiako atentatua
“Erasotzaileak poltsa bat zeraman sorbaldan. Autobuseko atean lehergailua zartarazi zuen eta immolatu zen”, azaldu du presidentearen segurtasuneko arduradun batek.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Islamikoa talde terroristak bere gain hartu du atzo Tunisiako hiriburuan autobus baten kontra egindako erasoa.
Talde terroristak mezu bat zabaldu du Interneten erasoa bere gain hartzeko, SITE informazio islamistarekin lotutako webgunean agertzen denez.
Suizida baten erasoa
Presidentearen Guardiaren aurkako erasoak gutxienez 13 hildako utzi zituen asteartean. Autobusaren kontrako atentatua terrorista suizida bakar batek egin zuen, ikerketako lehen informazioak oinarri hartuta, Gobernuko arduradun batek gaur jakitera eman duenez.
“Aurreneko zantzuen arabera, erasotzaileak poltsa bat zeraman sorbaldan. Beroki bat zuen eta entzungailua zeraman buruan. Autobuseko atean lehergailua zartarazi zuen eta immolatu zen”, azaldu dio Hichem Gharbi presidentearen segurtasuneko arduradunak Shems FM bertako irratiari, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez.
Bestalde, Said Aidi Osasun ministroak Mosaique FM irratiari gaur azaldu dionez, 13 lagun hil eta beste 20 zauritu zituzten erasoan, azken horien artean lau zibil daude.
Irrati horrek Gharbi aipatuz jakitera eman duenez, atentatuan hildako 12 guardiak identifikatu dituzte dagoeneko. Biktima berria suizida edo beste pertsona bat ote den ez dute zehaztu.
Etxeratzeko agindua
Herrialde osoan segurtasuna areagotu dutela jakinarazi du Habib Essid lehen ministroak ezohiko Ministroen Kontseilua bukatu ondoren. Etxeratzeko agindua irmo betearaziko dutela argi utzi du Essidek.
Erasoak aurreko atentatuekin zerikusirik ez duela berriro esan du Essidek; izan ere, “Estatuaren ikurretako” bat helburu izan du, eta hiriburuaren bihotzean egin dute. Presidentearen Guardiak, presidentea bera ez-ezik, Gobernuaren eta Parlamentuko presidentearen segurtasuna bermatzen du.
Zentzu horretan, terroristek Estatua ezegonkortu nahi dutela adierazi du lehen ministroak. “Terrorismoa mundu mailako mehatxu bat da”, azpimarratu du Essidek.