Mundua -
Alerta atentatu arriskuagatik
Belgikako Gobernuak alerta maila jaitsi du Bruselan
Bestalde, Poliziak Belgika hegoaldean egin duen operazioa atxiloketarik gabe amaitu da.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Gobernuak alerta maila gorena (4. maila) jatsi du Bruselan eta, beraz, herrialde guztian hirugarren mailako alerta dago indarrean.
Charles Michel lehen ministro belgikarrak esan du atentaturen bat izateko arriskua “benetakoa” dela, baina ez dela “berehalakoa”. Hortaz, Segurtasun Nazionalaren Kontseiluak egindako bileran adostu dute joan den asteburuan hartutako neurriak pixkanaka egokitzen hastea.
Bestalde, Auvelaisen, Belgika hegoaldean, egin duten terrorismoaren kontrako polizia-operazioa atxiloturik gabe amaitu da, bertako Fiskaltza federalak jakitera eman duenez.
"Parisen izandako atentatuen harira, miaketa bat egin dute gaur eguerdian Auvelaisen. Inor ez dute atxilotu", adierazi du Fiskaltzak prentsa-ohar batean.
Hala ere, ez omen du gaiaren inguruko xehetasun gehiagorik emango.
Miaketak Charleroi eta Namur arteko herri txiki batean izan dira, herrialdea pairatzen ari den mehatxu terroristaren testuinguruan.
Polizia-operazio zabala izan da; izan ere, RTBF telebista kate publikoaren arabera, ikertzaileak materiala bilatzen ari ziren, pertsonak baino gehiago.