Mundua -
Bilera Bruselan
Turkiak botatako hegazkin errusiarra hizpide, NATOren gaurko bileran
Gisa horretako eraso gehiago ez gertatzeko zer egin aztertuko dute. Gainera, AEBk eta Errusiak elkarri eraso ez egiteko duten akordioa NATOko kide guztiengana zabaltzea eztabaidatuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiak botatako hegazkin errusiarra hizpide izango dute gaur Bruselan, NATO osatzen duten herrialdeetako Atzerri ministroek egingo duten bileran. Gisa horretako eraso gehiago ez gertatzeko zer egin aztertuko dute. Ildo horretan, gaur egun AEBk eta Errusiak elkarri eraso ez egiteko hitzartuta duten akordioaren modukoa NATOren eta Errusiaren artean sustatzea da aukeretako bat. Iturri diplomatikoen arabera, balizko proposamena urtarrilerako aurkeztu nahi dio NATOk Errusiari.
Turkiari emandako babes neurriak hobeto aztertzeko eskatuko dute NATOko Atzerri ministroek, Aliantza Atlantikoko Defentsa ministroek otsailean egingo duten bileraren aurretik. Iturri diplomatikoen esanetan, NATOk 2013ko urtarriletik Turkian duen Patriot misioa luzatzea erabakiko du otsailean, Siriaren balizko erasoei aurre egiteko.
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren hitzetan, Turkiak bere aire-espazioa eta lurralde batasuna defendatzeko duen "eskubidea" aldarrikatu dute aliatuek, eta erasoak Estatu Islamikoaren kontra bideratzeko eskatu diote Errusiari.
Bestalde, NATOko Atzerri ministroak Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaren buruarekin elkartuko dira, "hegoaldetik datozen mehatxuei" aurre egiteko, Estatu Islamikoak Sirian eta Libian goraka egin ondoren, bereziki. Halaber, EBren eta NATOren arteko lankidetza mahai gainean izango dute mehatxu hibridoei aurre egiteko, eta, gainera, mehatxu zehatzen kontrako estrategia bateratu bat adostuko dute.
Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, AEB gidatzen ari den nazioarteko koalizioari NATOk nola lagun diezaiokeen ere aztertuko dute. Douglas Lute AEBk NATOn duen ordezkariaren hitzetan, aliatuek soldaduak bidaltzea baztertzen dute eta horren ordez bertako indarrei laguntzearen aldeko apustua egiten dute.
Azkenik, ziur aski, NATOk argi berdea emango dio Montenegroren sarrerari. Dena den, Stoltenbergek ohartarazi du "denbora" beharko dutela sarrera hori negoziatzeko, eta erabakia Europar Batasunak berretsi beharko duela gaineratu du.