Mundua -
'Black Friday' 2015
AEBko Ostiral Beltzean salduena? Pistolak
185.000 eroslek aurrekariak ote zituzten egiaztatu behar izan zuen FBIk, hori baita arma bat eskuratzeko jartzen den baldintzetako bat.
Agentziak | Erredakzioa
Pistolak izan ziren azaroaren 27an, Black Friday edo Ostiral Beltzean, AEBn egindako merkealdi egunean produkturik salduenak. Hala jakinarazi du FBIko bozeramaile batek, egun horretan inoiz baino egiaztatze gehiago egin baitzituzten.
Ameriketako Estatu Batuetan arma bat erosi nahi duenak ezin du zigor-aurrekaririk izan, eta FBIk baieztatu behar du hori, erosketa egin aurretik. Bada, joan den ostiralean, marka guztiak hautsi zituzten, FBIk 185.345 egiaztapen egin baitzituen.
Iazko 'Black Friday'ren datuarekin alderatuta, % 5 egin zuen gora egiaztapenen kopuruak. 2014an, 175.754 erosleren aurrekariak begiratu zituen FBIk.
Inoiz baino pistola gehiago erosi dituzte AEBko herritarrek Ostiral Beltzean. 2012koa zen aurreko errekorra, orduan 177.170 lagunen aurrekariak egiaztatu zituen agentziak, Stephen Fischer FBIren bozeramaileak zehaztu duenez.
Zigor-aurrekarien kontrola areagotu behar dela uste dute, dena den, arma bidezko indarkeriaren kontra jarduten duten talde estatubatuarrek. Hartara, buruko gaixotasuna edo aurrez delituren bat egin dutenek ezingo dute armarik erosi, eta atzo San Bernardinon (Kalifornia) gertatutako tiroketaren moduko gehiago ez izateko neurriak jarriko dira.