Mundua -
Venezuelako hauteskundeak
Maduro: 'Zoaz etxera, Rajoy'
Venezuelarrak eta Venezuelako burujabetasuna errespetatzeko eskatu dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Mariano Rajoyri.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen hauteskunde porrota iragarri du abenduaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorrei begira, eta "Venezuelako herria eta burujabetasuna" errespetatzeko eskatu dio.
"Venezuelaren kontra aritu eta lehortu egin zara. 'Zoaz etxera, Rajoy'. Venezuela zirikatzen duzun bakoitzean hauts kosmiko bihurtzen zara", egotzi dio agintari venezuelarrak Rajoyri. Era berean, Venezuela Espainiako koloniatzat hartzea leporatu dio.
"Europako nazioak Venezuelako erabakietan muturra sartu nahi du herrialdean boterea duela pentsatuta, kolonialismoaren garaian bezala", esan du Madurok.
Ildo horretan, azpimarratu du Manuel Piar eta Simon Bolivarren tropek aspaldi kanporatu zituztela espainiarrak eta "inperialistatzat" jo ditu Espainiako presidentearen "esku hartzeak".
Asteazkenean ere gogor kritikatu zuen Madurok Rajoy, Espainiako presidenteak Venezuelako hauteskunde prozesuaz berriki egindako adierazpenen harira. Maduroren esanetan, Rajoyk ez du boto bakar bat ere irabaziko Venezuelari eraso eginda. "Atera da berriz ere Rajoy. Zaborra. Bazoaz Rajoy. Ez duzu boto bakar bat ere irabaziko Venezuela zirikatuta. Espainiako herriak 'agur Rajoy, zoaz hemendik' esango dizu", adierazi du agintari venezuelarrak 'En Contacto con Maduro' asteroko telebista saioan.
Bestalde, Madurok azpimarratu du bera izango dela abenduaren 6ko hauteskunde legegileetako emaitzak onartzen lehena, eta Venezuelako Hauteskunde Kontseiluaren lanarekiko konfiantza erakutsi du.