Mundua -
Afganistan
Fernandez Diaz ministroak uste du erasoa 'Espainiaren aurka' izan zela
Kabulen izandako atentatuan, Talibanek beren gain hartu zutena, bi polizia espainiar hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren aburuz, "zalantzagabeko egitatea da Espainia eraso dutela eta Espainiako zerbitzari publikoak eraso dituztela, nahiz eta Afganistaneko poliziak eta talde terroristak bestelakorik dioten. Haien arabera, erasoa Espainiako enbaxadatik gertu zegoen ostatu baten aurka zegoen zuzenduta, non hainbat herrialdetako pertsonak zeuden.
"Ez dago zalantzarik Espainiako bi polizia izan direla erail dituztenak, baita Espainiako enbaxadarekin lan egiten zuten bi afganiar ere. Agerikoa da, aldarrikapenetik haratago, Espainiaren aurkako erasoa izan dela", esan du berriro ministroak Leonera, hildako baten familiartekoei doluminak ematera, egindako bisitaldian.
Aitzitik, ostiralean bertan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak zehaztu zuen Espainiako enbaxada ez zela atentatuaren helburua.
Bi polizia espainiar hilik
Bigarren polizia espainiar bat hil da Kabulen larunbat goizaldean, Espainiak Afganistanen duen enbaxadatik gertu, talibanek ostatu baten kontra egindako atentatu batean, Espainiako Barne Ministerioak larunbat goizean ohar bidez jakinarazi duenez.
Hildakoa Jorge Garcia Tudela 47 urteko Granadako bizilaguna da. Polizia iturriek Europa Press albiste agentziari baieztatu diotenez, talibanek bonba-autoa leherrarazi duten tokiaren alboan dagoen eraikinean zegoen hildakoa.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, enbaxada jendez hustu dute (Espainiako Poliziak barne) eta hainbat ordu behar izan dituzte horretarako.
Talibanen atentatu horretan hil den bigarren espainiarra da; izan ere, eraso berean Isidro Gabino San Martin Hernandez 48 urteko polizia espainiarra ere zendu da.
Guztira, zortzi pertsona hil -bi polizia espainiar, bost polizia afganiar eta zibil bat- eta bederatzi lagun zauritu dira erasoan. Hamabi orduko enfrentamenduen ondoren, segurtasun indarrek amaitutzat eman dute operazioa. Sediq Sediqqi Afganistango Barne Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, atentatuaren hiru erasotzaileak tiroz hil dituzte eta laugarren erasotzailea, berriz, bonba-autoaren leherketan hil da.
Talibanek beren gain hartu dute atentatua eta atzerritarrak hartzen dituen ostatu batean hainbat kide sartu direla gaineratu dute.