Mundua -
Gatazka armatua
Yemengo Gobernuak eta errebeldeek adostutako su-etena, indarrean
Hasiera batean, su-etenak zazpi eguneko iraupena izango du. Bien bitartean, bi aldeek bake-elkarrizketak abiatu dituzte Suitzan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Yemengo agintariek eta errebelde hutiek adostutako su-etena 12:00etan sartu da indarrean (10:00ak, Euskal Herrian), eta, aldi berean, bi aldeek bake-elkarrizketak abiatu dituzte Suitzan.
Errebelde xiiten iturriek EFE albiste agentziari esan diotenez, su-etena errespetatzeko konpromisoa hartu dute. Dena den, 24 ordu beharko dira su-eten hori egonkortzeko, horien esanetan.
Arabiar koalizioak atzo iragarri zuen su-etena beteko duela 12:00etatik aurrera.
Horrenbestez, ordu batzuez atzeratu da su-etenaren hasiera; izan ere, Nazio Batuen Erakundeak emandako informazioaren arabera, astearte gauerdian hastekoa zen.
Arabiar koalizioak azpimarratu duenez, su-etenak zazpi egun iraungo du, abenduaren 15etik 21era. "Su-etena automatikoki luzatuko da beste aldeak (errebeldeenak) betetzen badu", gaineratu du. Bien bitartean, bi aldeek bake-elkarrizketak abiatu dituzte Suitzan.