Mundua -
MEHATXUA AEB-N
Los Angelesko eskolak berriro zabalduko dituzte gaur
900 eskola baino gehiago itxita izan ziren asteartean eraso baten mehatxuagatik. Mehatxua faltsua izan zela ondorioztatu du FBIk.
Agentziak | Erredakzioa
Los Angelesko eskolek ateak berriz zabalduko dituzte gaur, asteartean itxita egon ondoren. Mehatxua faltsua izan zela ondorioztatu du FBIk, agintariek jakitera eman dutenez.
Los Angeles Unified School Districteko (LAUSD) 900 eskola baino gehiago itxita egon ziren asteartean, bonba-mehatxu batengatik. LAUSD Kaliforniako sistema publiko handiena da. Lehergailuekin eta su-armekin eraso bat egiteko arriskua “sinesgarria” zela erabaki zuten Los Angelesko buruzagiek goizean.
Steve Zimmer Eskola Batzordeko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, Los Angelesko 1.531 ikastetxe ikuskatu ondoren, “eskolak seguruak” direla ondorioztatu dute agintariek. Honenbestez, ikasleak eskoletara itzuliko dira gaur.
Eric Garcetti Los Angelesko alkatearen ahotan, ikerketa egin ondoren, mehatxua faltsua izan zela ondorioztatu du FBIk. Hiria “segurua” dela esan du Garcettik.
Mehatxua faltsua izan zela esan du Adam Schiff biltzarkide errepublikanoak ere. Schiff Kongresuko Inteligentzia Batzordeko kidea da.