Mundua -
Sarraskia
500 dira dagoeneko Nigerian, etnien arteko liskarretan, hildakoak
Ustez, fulani artzain musulmanek iragan urtarrilean 326 hildako utzi zituen liskarrari erantzun diote Jos inguruan egindako sarraskiarekin. 22 lagun atxilotu egin dituzte.
Erredakzioa
Atzo Nigeriako iparraldean, Plateau estatuanm, Jos inguruan izandako sarraskiaren biktimak 500 dira dagoeneko.
Sarraskia fulani etniako artzain musulman talde batek burutu du, nekazari kristauen herrixka batzuk erasoz. Artzainak Dogo Na Hauwa, Ratsat eta Jeji herrietan agertu dira fusil, metraileta, errebolber eta aihotzekin armaturik eta 75 etxebizitza eta hainbat ibilgailu erre egin dituzte, bertan aurkitu dituzten bizilagun guztiak erasoz, batez ere emakumeak eta haurrak.
Ustez, iragan urtarrilean 326 hildako utzi zituen liskar erlijiosoari erantzun diote fulani artzainek eraso horrekin. Haien arabera, ekintza hori musulmanak hiltzeko antolatua izan zen.
Plateau estatuko gobernadorearen etxebizitzatik bi kilometrotara izan da sarraskia.
Goodluck Jonathan Nigeriako bitarteko presidenteak adierazi duenez, segurtasun indarrak "egoera kontrolatzen saiatzen ari dira", eta alerta gorrian daude.
Poliziak 22 susmagarri atxilotu ditu eta bertan izan diren kazetariek diotenez, ehunka gorpu ikusi dituzte fulaniek erasoetako herrietan.
Plateauko estatuko Agureen Kontsulta Foro Kristauak sarraskia burutu dutenen gaizkide izatea leporatu die militarrei: "Gertatzen ari zenaren berri eman genien militarrei, baina bi ordu igaro arte ez ziren agertu, ordurako musulmanek alde egin zuten".
12.000 lagun hil egin dira Nigerian musulman eta kristauen arteko borroketan 1999. urtetik, "sharia" edo lege islamiarra herrialdeko iparraldeko 12 estatutan ezarri zutenetik.