Mundua -
Estatu Islamikoa
Siddhartha Dhar izan daiteke EIren azken bideoan ageri den jihadista
Dena den, oraingoz Gobernu britainiarrak ez du bideoko jihadistaren identitatea baieztatu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoak zabaldutako azken bideoan ageri den jihadista Siddhartha Dhar britainiarra izan daiteke, BBC hedabide britainiar publikoak berri eman duenez. Aipaturiko bideo horretan, ustez, Erresuma Batuaren espioi ziren bost pertsonaren hilketa ikus daiteke.
Identifikatu gabeko iturriek kate publikoari baieztatu diotenez, Siddhartha Dhar hinduismotik islamismora konbertitu zen eta 2014an Siriara ihes egin zuen. Bideoan ageri den jihadistak -azentu britainiarra duena- David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari errieta egiten dio bideoan.
"Pertsona asko ziur daude bera dela", adierazi diote aipaturiko iturriek BBCri. Dena den, oraingoz Gobernu britainiarrak ez du bideoko jihadistaren identitatea baieztatu.
BBCren arabera, ustezko jihadistaren izena Abu Rumaysah da. Antza denez, Siriara ihes egin zuen 2014an, fidantzapean aske gelditu ostean. Polizia britainiarrak atxilotu egin zuen 2014ko irailean, terrorismoa bultzatzea egotzita.
Estatu Islamikoaren azken bideo horretan 5 urte inguruko haur bat ere ageri da, eta Henry Dare Londresko bizilagunak haren biloba dela uste du. Dareren esanetan, Grace Dare haren alabaren Isa Dare semea izan daiteke. Grace Dare britainiar-nigeriarra islamismora bihurtu zen eta Siriara bidaiatu zuen 2013an, 23 urterekin.
Erresuma Batuko Poliziak egindako kalkuluen arabera, 700 britainiar inguru joan dira Siriara edo Irakera talde jihadistekin borroka egiteko. Gainera, erdiek etxerako bidea egin dutela uste dute.