Mundua -
Egipto
Kairoko piramideetatik gertu dagoen hotel bati eraso diote
Ez da inor zauritu. Poliziak ustezko erasotzaileetako bat atxilotu du, eta besteak identifikatzeko lanetan ari da.
Agentziak | Erredakzioa
Armatutako gizonek Gizako piramideetatik gertu, Kairo hego-ekialdean (Egipto), dagoen hotel bati eraso diote gaur. Zorionez, ez da inor zauritu, Egiptoko segurtasun indarrek jakinarazi dutenez.
Erasotzaileek Hiru Piramideak hotelaren eta inguruan zeuden ibilgailuen kontra egin dute. Une horretan ez zebilen inor kalean, eta beraz, ez da inor zauritu. Erasoak kalte materialak eragin ditu eraikineko atean eta autobus batean.
Egiptoko Barne Ministerioak ohar batean azaldu duenez, 15 lagun oldartu zaizkio hotela babesteko lanetan zegoen poliziari.
Segurtasun indarrek ustezko erasotzaileetako bat atxilotzea lortu dute, eta gainerakoak identifikatzeko lanetan dira, Ministerioaren oharrak zehaztu duenez.
Egipto gune turistikoena da Gizako piramideen ingurua. Egun, baina, antzina ez bezala, bisitari gutxiago dituzte, herrialdean dagoen ezegonkortasuna dela eta. Atentatuen beldur, turista gutxiagok egiten dute Egiptora joateko hautua.
Segurtasun indarrak gertatutakoa ikertzen ari dira, eta oraindik ez dakite talde terroristaren batek antolatutakoa ote den.