Mundua -
Gosetea Sirian
Ehunka pertsona hiltzeko zorian daude Madaya hirian
Herritarrei laguntzeko konboi humanitarioa astelehenean iritsi zen hirira, eta premiazko tratamendua berehala behar duten ehunka lagun aurkitu zituzten bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona lehenbailehen eraman behar dituzte Siriako Madaya hirian osasun zentroetara, medikuek arta ditzaten, gosez hilko baitira bestela, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gaur bertan ohartarazi duenez.
Herritarrei laguntzeko konboi humanitarioa astelehenean iritsi zen hiri setiatu horretara, eta tratamendua lehenbailehen behar duten 400 bat pertsona aurkitu zituzten bertan. Premiazko laguntza hori jaso ezean, “heriotza gertu dute”, adierazi dute agentzia humanitarioek.
Stephen O’Brien NBEko goi-agintariak baieztatu egin du informazioa, Segurtasun Kontseiluko kideekin bilera ateak itxita egin ondoren, Espainiak eta Zeelanda Berriak eskatuta.
Azken egunetan, hainbat erakundek salatu dute Madayako egoera, eta herritar asko eta asko gosez hiltzeko arriskuan daudela ohartarazi dute.
180 eguneko setioa
42.000 bat pertsona bizi dira hiri txiki horretan, eta 180 egun eman dituzte setiaturik, Siriako erregimena eta Hezbollah borrokan ari direla eta. Karabana humanitarioa osatzen duten lehen 50 kamioiak atzo heldu ziren bertara.
Damaskok bertara sartu eta, aldi berean, Fua eta Kefraya gehiengo xiita duten hirietara laguntza bidaltzeko baimena eman eta gero iritsi zen laguntza humanitarioa. Azken bi horiek Al-Nusra frontearen setioa jasaten ari dira.