Mundua -
Ikerketa
Parisko atentatuen egileek hiru etxe seguru zituzten Belgikan
Miaketetan, ekintzaileen hatz markak topatu dituzte, baina armarik ez. Etxebizitza guztiak nortasun agiri faltsuekin alokatu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Azaroaren 13an Parisen atentatuak egin zituzten ekintzaileek hiru etxe seguru zituzten Belgikan, herrialde horretako Fiskaltzak -bera da ikerketaren arduradun- gaur iragarri duenez.
Lehena Schaerbeek Bruselako auzoan zegoen, bigarrena Charleroi hirian, eta azkena, Auvelais herrian. Hirurak Belgikako hegoaldean daude, elkarrengandik nahiko hurbil. Etxebizitzotan ez dute armarik topatu.
Bruselako Schaerbeek auzoko Henri Berge kaleko etxebizitza 2015eko irailaren 1ean alokatu zuten Fernando Castillo nortasun faltsua erabilita. Salah Abdeslam atentatuetatik ihes egitea lortu zuen ustezko ekintzailearen hatz markak aurkitu dituzte, baita Bilal Hadfi Frantziako Estadioan bere burua zartarazi zuen lagunaren DNA arrastoak ere. Ikerlariek ez zuten armarik topatu bertan, baina lehergailuak egiteko hainbat tresna eta osagai bai: doitasun-balantzak, peroxido azetona arrastoak, segurtasun-uhalak eta soinean bonba daraman pertsona bat adierazten duen marrazkia.
Beste etxebizitza klandestinoa Charleroi hirian zeukaten. Ibrahim Maaroufi izen faltsua erabilita alokatu zuten 2015eko irailaren 3an. Bertan "Bilal Hadfiren eta Abdelhamid Abaaoud atentatuen egile intelektualaren hatz markak zituen koltxoi bat" topatu zuten agenteek.
Ikerlariek ekintzaileek ustez alokatutako beste etxe bat atzeman dute Auvelais herrian, Bruselatik 50 kilometrora. Hau ere, izen faltsu batekin alokatu zuten, 2015eko urriaren 5ean. Honetan ere ez zuten armarik topatu.
Fiskaltzaren esanetan, hiru kasuetan esku dirutan ordaindu zuten urtebeteko alokairuari zegokion kopurua.