Mundua -

Brusela

Parisko atentatuetan erabilitako lehergai mota berdina aurkitu dute

Belgikako fiskalburuak baieztatu duenez, Bruselako apartamentu batean aurkitu dituzte lehergaiak eta gerrikoak. Abdeslam Parisko atentatuen ustezko egileetako baten hatz-marka ere topatu dute.

Parisko atentatuen ondoren Bruselan egindako polizia operazio bateko irudia.
Parisko atentatuen ondoren Bruselan egindako polizia operazio bateko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko atentatuetan erabilitako lehergai mota eta gerriko berdinak aurkitu dituzte Bruselako Shaerbeek barrutiko apartamendu batean, Belgikako Fiskaltzak baieztatu duenez: hain zuzen, hiru gerriko topatu dituzte, azaroaren 13ko erasoetan atentatugileek erabili zituztenen ezaugarri berberak dituztenak. Salah Abdeslam ihes eginda dagoen atentatuen ustezko egileetako baten hatz-marka bat ere aurkitu dutela ziurtatu du fiskalak.

"Abenduaren 10ean aurkitu genuen materiala, Schaerbeek barrutiko Berge kaleko apartamendu batean. Lehergaiak egiteko materiala eta TATP motako lehergai arrastoak aurkitu genituen", esan du Fiskaltzak, agiri baten bidez.

Nortasun agiri faltsu batekin alokatu zuen norbaitek etxebizitza hori. Idatzian zehazten denez, baliteke pertsona hori azken hilabeteotan Bruselan atxilotutakoen artean egotea.

Azken egunotan, Belgikako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Parisko atentatuetan erabilitako gerrikoak Bruselan eskuz egindakoak ziren. De Standaard, Het Niewsblad eta Het Laatste Niews hedabideen arabera, bestalde, Schaerbeekeko etxebitza horretan ezkutatu zen Abdeslam Parisko atentatuen ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Zer gertatu da Parisen? Atentatuak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa