Mundua -

Amaitu da erasoaldia

26 lagun hil dituzte Burkina Fasoko hotel bati egindako erasoan

Al-Qaidari lotutako talde batek bahituta zituen 156 lagunak askatu ditu Poliziak.

Gutxienez 30 pertsona hil dira Burkina Fasoko hotel baten kontrako erasoan. Argazkia: EFE
Gutxienez 30 pertsona hil dira Burkina Fasoko hotel baten kontrako erasoan. Argazkia: EFE
30 lagun hil dira Burkina Fasoko hotel batean izandako bahiketan

2:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burkina Fasoko Armadak, Frantziako tropek lagunduta, Splendid hotelean izandako bahiketa amaitutzat eman du Uagadugu hirian, Burkina Fason, hain zuzen ere. Al Kaidako talde jihadista batek orduak eman ditu hotel horren barruan giltzapetuta. Terroristek 156 lagun bahitu dituzte, eta 18 nazionalitateko 26 lagun gutxienez hil.

Eraso terrorista atzo gauean hasi zen, 20:00etan (tokiko orduan), eta goiz honetan ebatzi dute, setioa 13 orduz luzatu ostean.

Segurtasun Ministerioaren iturrien arabera, hoteletik gertuko jatetxe batean hasi da erasoa, finantza-barruti batean. Zonalde horretan mendebaldarrak, NBEko langileak eta Frantziako Armadako kideak ibili ohi dira.

Litekeena da jatetxe horretan 10 lagun tirokatu izana, eta beste 30 bat bahitu izatea.

Geroago, bonba bat zuen auto bat eztanda egin dute hoteleko atarian, eta barrura sartu dira terroristak, tiroak botaka, Clement Sawadogo Funtzio Publikorako ministroak azaldu duenez.

"Bi lagun ikusi nituen: bata, txano batekin eta bestea, aurpegia estali barik eta jendeari tiroka egiten. Horietako bat arabiarra zen, eta bestea beltza zen", adierazi du ministroak komunikabideen aurrean.

Burkinako Gobernuak jakinarazi duenez, hiru terrorista hil dira Armadak abiatutako operazioan, "arabiar bat eta bi afrikar". Burkinako Armadak Frantziako eta AEBko agenteen laguntza izan du, jihadismoaren aurka borrokatzeko Sahelen egoitzak baitituzte.

Terroristak hoteleko goikaldeko solairuetan lubakitu dira, eta lehergaiak hainbat lekutan kokatu dituzte. Horren ondorioz, Armadako soldaduek astiro egin dute aurrera, solairu bakoitzaren segurtasuna baieztatzen ibili behar izan direlako.

Azkenean, terroristak tiroz hil dituzte, eta 126 lagun askatu, baina oraindik ez dakite tiroketa hartan biktimarik izan ote den.

Christian Kabore Burkinako presidenteak Ministroen Batzordeko ezohiko bilera deitu du, eta 72 orduko dolua ezarri du biktimen omenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioartea Atentatuak Jihadismoa hoy Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Ostatuak