Mundua -
Errefuxiatuak
Aske utzi dituzte Lesbosen atxilotutako suhiltzaile espainiarrak
Lesbos uhartean, atxilotuta zituzten hiru suhiltzaile sevillarrak aske utzi dituzte, epailearen aurretik igaro ondoren. Epaileak 15.000 euroko fidantza ezarri die.
Agentziak / Erredakzioa
Legearen aurka pertsonak trafikagai hartzea leporatuta, Grezian, Lesbos uhartean, atxilotuta zituzten hiru suhiltzaile sevillarrak aske utzi dituzte, epailearen aurretik igaro ondoren.
Jose Antonio Reina Proem-Aid elkarteko presidenteak adierazi duenez, atxilo hartutako hiru suhiltzaileak –Julio Latorre, Jose Enrique eta Manuen Blanco- aurki helduko dira Espainiara, datorren asteartean hain zuzen.
Dena dela, auziak zabalik jarraitzen duela esan du, eta epaileak denera 15.000 euroko fidantza ezarri diela azaldu. Gertakariengatik epaiketa irekitzea erabakiz gero, suhiltzaileak Greziara itzuliko direla bermatu nahiko luke epaileak fidantza ezarrita. Azaldu duenez, Turkiako uretan errefuxiatuak biltzen aritzea leporatu diete.
Proem-Aideko buruak esan duenez, suhiltzaileek ez dute epaileak agindutako fidantza ordaintzeko dirurik, baina “behar den tokitik” aterako dutela iragarri du. Asteartean itzuliko dira boluntario lanetan aritu diren suhiltzaileak euren jaioterrira, eta beste talde batek hartuko die lekukoa Grezian.
07:00etan aterako da taldea Sevillatik Madrilera, eta handik Atenasera. Greziako hiriburutik hegazkinez bertaratuko dira Lesbosera. Sei lagunek osatutako lantaldea izango da; bost suhiltzaile eta patroi bat.