Mundua -
Somalia
20 pertsona hil dituzte hotel baten aurkako erasoan, Muqdishon
Al Shababek bere gain hartu du atentatuaren ardura. 20 pertsona zauritu dituzte Beach View hotelaren kontrako erasoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 20 pertsona hil eta beste 20 zauritu dituzte Muqdishon (Somalia), Beach View hotelaren aurka egindako erasoan.
Herritarrak harrapatuta geratu dira; izan ere, erasoa egin dutenean, ezkontza bat eta unibertsitateko graduazio ekitaldi bat ospatzen ari ziren bertan.
Al Shabab taldea hartu du bere gain atentatuaren ardura.
Antza, bonba-auto bat leherrarazi dute hotelaren ondoan, eta, ondoren, pertsona armatu batzuk tiroka sartu dira bertan.
Beach View hotela hondartza ondoan dago, politikariak eta agintariak izan ohi diren aisialdirako inguru ezagun batean.
Kenyako 70 soldadu
Duela sei egun Afrikako Batasunaren Misioari (AMISOM) eraso zion Al Shababek. Base militar baten aurkako erasoan, Kenyako 70 soldadu hil zituzten.
Al-Qaidaren filialak urteak daramatza lege islamiarra inposatzeko saiakeran. Hala, eraso ugari egin ditu Gobernuaren egoitzen eta Muqdishoko aisialdi zentroen kontra. Al Shabab hedatzea eragozteko, tropak zabaldu dituzte Somalia alboko herrialdeek; besteak beste, Kenyak.
Duela astebete soilik, Magreb Islamiarreko Al-Qaidak (AQMI) Burkina Fasoko hotel baten aurkako erasoa egin zuen, eta 30 bat lagun hil zituen.