Mundua -
Estatu Islamikoa
Gutxienez 40 gorpu aurkitu dituzte hobi handi batean Ramadin (Irak)
Antza denez, Daeshen biktimak dira. 2015eko maiatzean hiriaren kontra egindako erasoan hildakoak omen dira. 15 hildako, gutxienez, poliziak dira, baina emakumeak eta haurrak ere badaude horien artean.
Agentziak | Erredakzioa
Irakeko agintariek gutxienez 40 gorpu aurkitu dituzte hobi handi batean Ramadin. Antza denez, Estatu Islamikoaren biktimak dira. 2015eko maiatzean, hiriaren kontra egindako erasoan hildakoak omen dira, probintziako agintariek eta Poliziako iturriek aurreratu dutenez.
Gorpuak ateratzeko lanen irudiak Facebook sare sozialean zabaldu ditu Anbarreko Poliziak. Hiria erori baino lehen, “ISISen aurka borroka egin zuten azkenen gorpuak” omen dira, Sohaib al Rawi gobernadoreak Twitter bidez azaldu duenez.
Daeshek 2015eko maiatzean bereganatu zuen Ramadi, Gobernuaren soldaduek urtebetean bigarrenez atzera egin ondoren. Armada iragan hilean sartu zen berriro hirian. Irakeko iparraldea eta mendebaldea berreskuratzeko kolpe garrantzitsua izan zen.
Hala ere, hondamena eta bidean utzitako lehergailuak bertako bizilagunen itzulera oztopatzen ari dira. Buruzagiek beste hobi handi batzuk topatu dituzte azken asteetan.
15 polizia, emakumeak eta umeak
Muhannad Haimour gobernadorearen aholkulariak Reuters albiste-agentziari baieztatu dionez, 15 hildako, gutxienez, poliziak dira, baina emakumeak eta haurrak ere badaude Al Jamaaiya auzoko hobi handi horretan.
Gorpuak terroristen testigantzei esker aurkitu dituztela zehaztu du Haimourrek. Biktimek tortura zantzuak eta bala markak dituztela erantsi du.