Mundua -

Internet bidez

Txetxeniako matxinoek bere gain hartu dituzte Moskuko erasoak

Doku Umarov Txetxeniako buruzagi matxinoak bideo batean azaldu duenez, atentatuak berak agindu zituen pertsonalki eta Errusian eraso gehiago izango direla ohartarazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Doku Umarov Txetxeniako buruzagi matxinoak bere gain hartu ditu Moskuko metroan, astelehenean, egindako atentatu suizidak, web atari batean argitaratutako bideo baten arabera. Erasoetan 39 lagun hil ziren.

Umarovek, Kaukasoko Emirerriaren emirrak, bideoan azaldu duenez, atentatuak berak agindu zituen pertsonalki eta Errusian eraso gehiago izango direla ohartarazi du.

Mendekua

Grabazioaren transkripzioaren arabera, martxoaren 29an egin zuten. Atentatuak mendeku bat izan direla esan du Umarovek, izan ere, buruzagi matxinoaren arabera beti ere, Errusiako Segurtasun Indar bereziek (FSB) sarraskia egin zuten Txetxenian eta Ingusetian, 2010eko otsailaren 11n. Arshtyko herrian basabaratxuriak biltzen ari ziren bizilagunen kontra eraso egin zuten errusiarrek, Umaroven esanetan.

Zibilen hilketa nahita egindakoa izan zela azpimarratu du Umarovek eta Moskuko metroaren kontrako erasoak mendeku ekintza legitimotzat jo ditu.

Berriro mendeku hartuko dutela ohartarazi die errusiarrei, "Kaukasora euren bandak bidaltzen dituztelako eta segurtasun zerbitzuak babesten dituztelako, eta horiek sarraskiak egiten dituzte".

Gerra zabaldu

Errusiatik bereizitako Estatu independente pankaukasiko bat sortu nahi du Kaukaso Emirerria taldeko buruzagiak. ''Sharia'' lege islamiarra oinarri izango luke Estatu berriak. Errusiako hirietara gerra zabaltzeko mehatxu egin du Umarovek.

"Errusiarrek ez dute gerra telebistan ikusiko, lasai eta gehiegikerien aurrean erreakzionatu gabe, euren bandak Kaukasora bidaltzen baitituzte Putinen agintaritzapean", errepikatu du Umarovek. "Gerra zuen kaleetara helduko da, azalean sentituko duzue", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea