Mundua -

Errefuxiatuen drama

Grezian dauden migratzaileak Mazedoniara ihes egiten hasi dira

Saiakeran hiru pertsona itota hil dira ibai batean. Mazedoniako Gobernuak ohartarazi du muga itxita dagoela. Grezian jada, 44.000 errefuxiatu baino gehiago daude.

Grezian dauden errefuxiatuak, Mazedoniara ihesean. Argazkia: EFE
Grezian dauden errefuxiatuak, Mazedoniara ihesean. Argazkia: EFE
Grezian dauden errefuxiatuak, Mazedoniara ihesean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Grezian dauden errefuxiatuak eta migratzaileak Mazedoniara ihes egiten hasi dira, mugatik bost kilometrora dagoen ibai batetik, bertako komunikabideek baieztatu dutenez. Saiakeran hiru pertsona itota hil dira, Radio Euskadik jakinarazi duenez.

Mazedoniako Barne Ministerioaren arabera, oraingoz 700 iheslarik lortu dute Grezia eta Mazedonia arteko muga igarotzea. Alabaina, Poliziak eta Armadak guztiak atxilotzeko eta Greziara itzultzeko agindua dute.

“Migratzaileek ibaia erabiltzen ari dira muga zeharkatzeko”, azaldu du Barne Ministerioak ohar batean.

Greziako Poliziak Indomeniko kanpalekuan geratzeko deia egin die, baina iheslariek aurrera jarraitzea erabaki dute. Indomenin 12.000 pertsona daude, baldintza oso latzetan.

Greziako agintariek berretsi egin dute ez dutela kanpalekua indarrez hustuko, besteak beste, ume asko dagoelako bertan.

Grezian jada, 44.000 migratzaile eta errefuxiatu baino gehiago daude, kanpaleku ezberdinetan sakabanatuta.

Bestalde, Mazedoniako Gobernuak ohartarazi du mugak itxita jarraitzen duela eta, beraz, ez diotela inori sartzen utziko.

“Muga legez kanpo igarotzen saiatzen ari dira. Balkanetako ibilbidea itxita dago. Mazedoniako mugak itxita jarraitzen du”, esan du Gjorge Ivanov presidentearen bozeramaileak.

Poliziak eta Armadak hainbat iheslari atxiki dituztela eta beste asko atzera egitera behartu dituztela jakinarazi dute. Hala ere, oraingoz ez dute argitu noiz eta nola bueltatuko dituzten Greziara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Greziako albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan