Mundua -

Erresuma Batua

Gordon Brownek maiatzaren 6rako deitu ditu hauteskunde orokorrak

Kontserbadoreak faborito direla badirudi ere, Gordon Brownek laugarren garaipen jarraia eskuratu nahi du bere alderdiarentzat, lehena beretzat 2007ko ekainean Tony Blair ordezkatu zuenetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gordon Brown lehen ministro britainiarrak maiatzaren 6rako deitu ditu gaur hauteskunde orokorrak, Buckingham jauregian Isabel II.a erreginarekin batzartu eta gero. Hark Parlamentua desegin du, izapide gisa.

Iragarpenak hasiera eman dio hauteskunde kanpainiari. Bertan, bi hautagai nagusiak, Brown laboristak eta David Cameron kontserbadoreak, lehia gogorra izango dute.

Izan ere, aurreikuspenak betetzen badira, hauteskunde hauek azken 18 urteetako lehiatuenak izango dira, inkesten arabera ez baitu inork gehiengo osoa lortuko, hots, alderdi bozkatuenak akordioak bilatu beharko ditu.

Hori horrela, giltza alderdi liberalak izan lezake, azken aldian indartsu egin baitu gora.

Laboristak agintean izan dira azken 13 urteetan, Tony Blair 1997an lehen ministro izan zenetik, alegia.

Blairrek hiru hauteskunde irabazi zituen jarraian, eta ondoren Gordon Brownen esku utzi zuen lehen ministro kargua.

Bere aldetik, James Cameron azken 200 urteetako lehen ministro gazteena bihur liteke (43 urte ditu).

Nick Clegg liberalaren hitzetan, hauteskunde iragarpena "Gordon Brownen garaiaren amaieraren hasiera" izan da, eta "azken 13 urteetan" izan diren "akats handienen" egilea izatea egotzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea