Mundua -

Atentatuak Bruselan

Lau izan ziren Bruselako atentatuen egileak, Belgikak zehaztu duenez

Horietako hiruk beren burua zartarazi zuten eta laugarrenak ihes egitea lortu zuen. Turkiak erasotzaileetako bat atxilotu eta deportatu egin zuen joan den udan.

Bruselako erasoetan El Bakraoui anaiek hartu zuten parte

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frederic Van Leeuw Belgikako fiskal nagusiak jakinarazi duenez, lau izan ziren Bruselako atentatuen egileak: Jalid eta Ibrahim El Bakraoui anaiak, oraindik identifikatu gabe dagoen kamikaze bat, eta "bilatzen ari diren" beste terrorista bat.

Van Leeuwen hitzetan, Jalid el Brakaouik bere burua zartarazi zuen Maelbeekeko metro geltokian. Haren anaia Ibrahimek beste hainbeste egin zuen Zaventemgo aireportuan identifikatu gabeko beste kamikaze batekin batera. Laugarren lagun baten bila ari dira orain, aireportuko kamerek El Brakaoui anaiekin batera zegoen eta buruan txanoa zeraman hori, hain zuzen.

Nahasmen eta informazio faltsu andanaren ostean, "baieztatutako eta egiazko informazioen" berri bakarrik emango zuela ohartarazi du fiskalak prentsaurrekoaren hasieran.

"Argazkian erdian ageri dena bere buruaz beste egin duenetako bat da, Ibrahim El Bakraoui, 1986ko urrian Bruselan jaiotakoa. Ezkerrean ageri dena, berriz, oraindik ez dugu identifikatu, eta eskuinekoa ere ez", esan du fiskalak.

Hain zuzen, azken horrek, irudian txanoa jantzita ageri denak, lehergailuz betetako maleta utzi  zuen irteeren terminalean, eta ihes egin zuen. Gerora egin zuen eztanda, baina inor zauritu gabe, ordurako aireportua hustuta zegoelako, fiskalak jakitera eman duenez.  "Lehergaiak zituen poltsa handi bat utzi zuen, eta lehertu aurretik ihes egin zuen. Bertan zegoen lehergai-kargarik handiena", gaineratu du.

Belgikako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Najim Laachraoui da ihes egin duen erasogilea. Parisko atentatuekin lotura duelakoan, Laachraoui bilatzeko eta atxilotzeko agindua emanda zegoen lehendik.

Metro-geltokian atentatua burutu zuena, berriz, esan bezala, Jalid El Bakraoui zela baieztatu du fiskalak. "Jalid El Bakraoui zen, Ibrahimen anaia, 1982ko urtarrilean Bruselan jaiotakoa", gaineratu du.

Atxiloketa bat izan dela ere berretsi du, baina ez du zehaztu nor den. Ez da, dena den, Najim Laachraoui, Belgikako egunkariek zabaldu duten bezala.

Vab Leeuwek bere agerraldian jakitera eman duenez, aireportuan erasoa egin zuten hiru lagunak etxetik aireporturaino eraman zituen taxilariaren lekukotza oso garrantzitsua izan da.  Hark emandako helbidean lehergai gehiago, amoniakoa eta lehergailuak egiteko hainbat material aurkitu dute.

Kaleko zabor-ontzi batean, bestalde, ordenagailu bat topatu dute, eta, bertan, Ibrahimen testamentua zegoen gordeta, ikertzaileen arabera.

Brusela atentatuak ustezko egileak Brahim El Bakraoui eta Jalid El Bakraoui

(Ibrahim eta Jalid El Bakraoui anaiak. Argazkia: EFE)

 

Turkiak erasotzaileetako bat deportatu zuen

Bruselako erasoen ustezko egileetako bat Turkian atxilotu zuten 2015eko ekainean, eta uztailaren 14an Holandara deportatu zuten, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi duenez.

"Bruselako erasotzaileetako bat atxilotu genuen joan den ekainean Ganziatipen eta deportatu egin genuen. Belgikako enbaxadari uztailaren 14an eman genion deportazioaren berri. Belgikak libre utzi zuen", azaldu du Erdoganek Ankaran emandako prentsaurrekoan.

?Atzerrian aritutako gerrillaria zela ohartarazi arrean, Belgikak ezin izan zuen egiaztatu terrorismoarekin inolako loturarik zuela?, azaldu du.

Erdoganek argitu du ustezko terroristak berak eskatuta deportatu zutela Holandara. ?Holandako agintariei ere helarazi genien jakinarazpena?, erantsi du.

Turkiako presidenteak ez du atxilo hartu zuten ustezko jihadistaren izena eman. ?Bruselako atentatuen egiletako bat? dela esan du.

Alabaina, Turkiako zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, Ibrahim El Bakraoui da joan den ekainean Turkian atxilotu zuten erasotzailea.

Biktima kopuruaren balantzea

Bestalde, Bruselako sarraskian 31 lagun hil zirela berretsi du arratsalde honetan Belgikako Gobernuak, baina zauritutako pertsonak 300 direla zehaztu du.

Ildo horretan, behin-behineko zifrak direla azpimarratu dute; izan ere, 150 lagun oraindik ospitalean daude, horietako 61 zaintza intentsiboetako unitatean eta lau koman.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Brusela Belgika bideoak Jihadismoa Gaurko azken ordukoa