Mundua -
Atentatuak Parisen
Salah Abdeslam Frantziara estraditatzea onartu du Belgikak
Agintari frantziarrek, hala nola, Abdeslamek berak, eskatu zuten Frantziara bidaltzea, bertan epai dezaten.
Agentziak | erredakzioa
Belgikako Justiziak onartu egin du ostegun honetan Salah Abdeslam Parisko atentatuetan parte hartu zuen ustezko zortzigarren terrorista Frantziara estraditatzea, agintari frantziarrek atxiloketaren biharamunean eskatu zuten moduan.
"Kontuan hartuta Salah Abdeslamek Frantziara bidaltzea eskatu duela, epaile federalak erabaki formala hartu du gaur, legeak dioen bezala. Hori dela eta, Kontseiluaren Ganberaren saioa inor erabakiaren kontra agertu gabe bukatu da. Estraditatzeko eskaera onartu egin dute", esan du Fiskaltzak ohar baten bidez.
Fiskalaren arabera, aipatutako Kontseiluak gaur arratsaldean erabaki du Frantziako agintariek egindako eskariaren gainean, ustezko terrorista Frantziara bidaltzeko, Parisek martxoaren 19an eskatu zuenari erantzunda.
Erabakiaren ostean, Fiskaltzak nabarmendu egin du Belgikako eta Frantziako agintariei dagokiela zehaztea Abdeslamen estradizioa nola egingo duten.
Ustezko terrorista martxoaren 18an atxilotu zuten, Molenbeek Bruselako barrutian, ustez bertan lau hilabetez egon eta gero, alegia, Parisko atentatuak izan zirenetik. Ikerketaren arabera, lotura zuzena dute Parisko atentatuek eta Bruselako aireportu eta metroan egindako atentatuek, martxoaren 22an.
Hain justu, Abdeslamen abokatuetako batek gaur goizean esan duenez, ustezko jihadistak kolaboratu nahi du Frantziako agintariekin. Akusatuak, bestalde, Brujasko espetxean jarraitzen du eta ez da egon gaurko saioan, tokiko hedabideen esanetan.
Atxilotu zuten egunean, François Hollande presidente frantziarrak, Charles Michel Belgikako presidentearekin egindako prentsaurreko batean, iragarri egin zuen Abdeslamen estradizioa eskatuko zuela.
Hasieran Abdeslam estradizioaren aurka agertu bazen ere, azkenean Frantziara "lehenbailehen" eramatea eskatu zuen aurreko asteazkenean, Sven Mary abokatuak iragarri zuenez.