Mundua -
Bruselako atentatuak
Bruselako aireportua zabaldu dute, atentatuak izan eta 12 egunera
Lehen hegaldia 13:40an atera da Bruselatik Farorako hegaldia 13:40an atera da. Eguneko beste bi hegaldiak Atenasera eta Turinera joango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Martxoaren 22ko atentatuak pairatu zituen Bruselako aireportua gaur zabaldu dute partzialki, erasoa izan eta 12 egunera.
Gaurko iragarritako lehendabiziko hegaldia 13:40an atera da Bruselatik Farora. Horrez gain, beste bi hegaldi aterako dira gaur Bruselatik: bata, 15:55ean Atenasera eta, bigarrena, 18:40ean Turinera. Brussels Airlines konpainiaren hegaldiak izango dira hirurak, hain justu Zaventemeko aireportuko konpainia nagusiena.
Bruselako aireportuan lur hartu duen lehen hegaldi komertziala txalo artean jaso dute, Bruselako aireportuak haren Twitter kontuan adierazi duenez.
Halaber, Farotik, Turindik eta Atenasetik ateratako hiru hegaldik lur hartuko dute Bruselako aireportuan.
Arnaud Feist aireportuko zuzendariak prentsaurreko batean jakinarazi duenez, udako oporren aurretik aireportua beti bezala aritzea espero dute, "ekainaren amaierarako eta uztailaren hasierarako", adierazi du.
Feistek azaldu duenez, aireportura soilik kotxez edo taxiz joan ahal izango da lehen egunetan eta gainerako garraiobideak hurrengo egunetan hartu ahal izango dira.
Kontrolak
Aireportura helduko diren ibilgailuei kontrolak egingo zaizkie, Poliziako agintari batek iragarri duenez.
Bidaiariek aparkalekutik izango dute aireportura sartzeko aukera eta metala detektatzeko gailuak eta X izpiak jarriko dituzte bidaiarientzat eta ekipaje guztientzat.
Poliziak aurretik kontrola egingo du bidaiariak eta nortasun agiriak kontrolatzeko.
Fakturazioa hegazkin-konpainietako mostradoreetan egingo da; ondoren bidaiariak beste terminal batera joango dira eta bertan euren eskuko ekipajea eskaneatuko diete, enbarkatu aurretik. Bruselara helduko diren bidaiariek ohiko tokietan jasoko dute euren ekipajea.