Mundua -

Polonia

Smolenskeko biktimei omenaldia egingo diete larunbatean, Varsovian

Zeremonia Soldadu Ezezagunaren Hilobiaren alboan egingo dute, Poloniako Senatuko presidenteak iragarri duenez. Hala ere, Kazsinski Poloniako presidentearen hileta noiz izango den ez du argitu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Omenaldi ofiziala egingo diete Smolenskeko tragedian hildako 96 biktimei larunbatean, Varsovian (Polonia). Hegazkin istripuan, besteak beste, Lech Kazsinski Poloniako presidentea eta Maria haren emaztea hil ziren, Estatuko beste kargudun asko bezalaxe.

Zeremonia Soldadu Ezezagunaren Hilobiaren alboan egingo dute Varsovian, Bogdan Borusewicz Poloniako Senatuko presidenteak iragarri duenez. Eguraldiak omenaldia bertan egitea oztopatuko balu Poloniako hiriburuko San Juan katedralera eramango lukete.

Omenaldi ofizialaren ostean, biktima ezberdinen hiletak egingo dituzte, Poloniako beste udalerritan kasu batzuetan, Borusewiczek azaldu duenez, baina Lech Kazsinski Poloniako presidentearen eta Maria haren emaztearen hiletak noiz izango diren ez du argitu.

Poloniako herritarrek Presidentetzako jauregira joaten jarraitzen dute, Lech Kaczynski presidenteari eta haren emazteari azken agurra emateko. Bien zerraldoak hil-kapera batean ikusgai izango dira.

Maria Kaczynskaren, Lech Kaczynskiren emaztearen, gorpua bihar heltzea espero dute eta hilkutxak aste osoan ikusi ahal izango dituzte herritarrek. Presidentearen emaztearen gorpua gaur identifikatu dute, Jacek Sasin Presidentetzako bozeramaileak jakitera eman duenez.

Gorpu asko identifikatzeko arazo ugari dituztela azaldu du Sasinek, istripuan kalte handiak jaso zituztelako, eta DNA azterketak beharrezkoak izango dira errakuntzarik ez izateko.

Izendapenak

Bien bitartean, Bronislaw Komorowski Sejmeko (Poloniako Parlamentua) presidentea eta Estatuko jarduneko presidentea hegazkinean zihoazen goi-kargudunak ordezkatzeko izendapenak egiten hasi da.

Horrela, Stanislaw Koziej jenerala Segurtasun Nazionaleko Bulegoko (BBN) agintari eta Jacek Michalowski Presidentetza Kantzileritzako buruzagi berri izendatu ditu Komorowskik.

Era berean, Poloniako Parlamentuko bi Ganberek osoko bilkurak egingo dituzte bihar ezbeharrean hildakoak gogorarazteko, agintariek iragarri dutenez.

Ikerketa

Bestalde, hegazkineko pilotuak lur hartzeko presiorik jaso ez zuela ematen duela esan du gaur Andrzej Seremet Poloniako fiskal nagusiak. Eguraldi txarra zen eta Smolenskeko aireportuak (Errusia) lurrik ez hartzeko ohartarazi zion pilotuari.

Tomasz Pietrzak presidentearen bigarren pilotuak lankidearen akatsik izan ez zela esan du eta Errusiako adituek hegazkinaren matxura teknikorik izan ez zela azaldu dute kutxa beltzak aztertu ostean. Hegazkina 20 urteko Tupolev 154 bat zen eta duela bost hilabete aztertu zuten azkenekoz.

Atzerapenik ez izateko presidenteak lur hartzea agindu izana litzateke, Pietrzaken hitzetan, beste zenbait alditan gertatu bezala. Dirudienez, nahiz eta eguraldi okerra izan estatuburuak lur hartzea agindu zuen aurretik ere.

Bestalde, hainbeste buruzagi batera bidaiatzea kritikatu du Lech Walesa Poloniako presidente ohiak eta "arduragabetzat" jo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea