Mundua -

Lehergailu baten eztanda

Espainiako soldadu bat zauritu dute Afganistanen

'Lithium' izeneko ibilbidean jazo da gertakaria, LMV 'Lince' ibilgailu blindatu bat pasatzerakoan lehergailu batek eztanda egin duenean. Soldadua hanketan zauritu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako soldadu bat zauritu da gaur Afganistanen, ibilgailua pasatzerakoan lehergailu batek eztanda egin ostean. Gertakaria Manganetik gertu jazo da, Badghiseko probintzian, Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.

Leherketaren ondorioz hanketan zauritu da J.G.G. soldadua. ''Alejandro Farnesio'' Legioko 4. Tertzioko kidea zen soldadua. Blindatuko beste hiru bidaiariak onik atera dira.

''Lithium'' izeneko ibilbidean jazo da gertakaria, LMV ''Lince'' ibilgailu blindatu bat pasatzerakoan lehergailu batek eztanda egin duenean. Ibilbideak Qala i Naw eta Bala-Murghab lotzen ditu.

Legionarioa ez dago larri eta Hearteko Basearen Role 2 ospitalera eraman dute. Hanketan kolpeak eta ezker oineko metatartsoak hautsita ditu. Soldaduaren senideei gertakariaren berri eman diete.

Afganistango Armada laguntzeko misioa

Afganistango Armada Nazionalari laguntzen ari ziren Espainiako soldaduak, zona bateko bideetan mugimendu askatasuna bermatzeko.

Espainiako tropen aurka egindako azken atentatua jazo zen zona berdinean izan da leherketa.

Iragan otsailaren 1ean, John Felipe Romero Meneses soldadua hil zen eta beste sei zauritu ziren mina batek eztanda egin ostean, Sang Ateshen, ''Lithium'' ibilbidean ere.

1.500 bat militar ditu Espainiak Afganistanen, gehienak Legiokoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea