Mundua -

Kaosa

Ehunka hegaldi bertan behera Europan, sumendi baten errautsengatik

Besteak beste, Norvegiako, Frantziako eta Irlandako aireportuak itxita daude. Heathrow eta Stanstead aireportuak hegaldirik gabe daude. Espainian 466 hegaldi utzi dituzte bertan behera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Islandiako sumendi baten erupzioak sortarazitako errautsek ehunka hegaldi bertan behera utzi dituzte Erdialdeko eta Ekialdeko Europan.

Eurocontrol Aireko-Nabigazioaren Segurtasunerako Agentzia Europarrak baieztatu duenez, aire bidezko segurtasuna bermatzeko, aire-trafikoa guztiz edo ia guztiz eten dute honako herrialdeetan: Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian, Danimarkan, Norvegian eta Suedian. Gainera, hurrengo orduetan, errauts-hodeia herrialde gehiagotara hedatu daitekeela ohartarazi dute.

Erresuma Batuan, bere aldetik, Heathroweko eta Stanstedeko aireportuak itxita daude hiriburuan. Eguerditik, halaber, Dublineko aireportuko hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.

Zentzu honetan, Erresuma Batuko Kontrol Zerbitzuak bihar goizaldeko 5:00ak arte luzatu du bere aireko espazioaren itxiera. Haizeak Erresuma Baturantz doazela egiaztatu ondoren hartu dute erabakia.

"Inork ez du horrelako neurririk gogoratzen Erresuma Batuan, ezta 2001ko Irailak 11ko atentatuen ondorioz hartutakoak ere". Osasunari dagokionez, adituen ustez ez dago arriskurik herritarrentzat. Hala ere, errautsak gainazalera heltzen badira, arnasteko zailtasuna dituztenek arazoak izan ditzaketela ohartarazi dute.

Azken hilabetean, Eyjafiällan, Islandiako hegoaldean, izan den bigarren erupzioa da atzokoa.

Orain arte, Aberdeeneko, Edinburgoko eta Glasgoweko aireportuak itxita daude Eskozian eta Belfastekoa Ipar Irlandan.

Horrez gain, Pragako aireportuan ehunka hegaldi bertan behera utzi dituzte eguerdian, Vienan 6 hegaldi eta Alemaniako Frankfurteko eta Colonia/Bonneko aireportuetan, aldiz, 30 eta 7, hurrenez hurren.

342 hegaldi bertan behera Espainian

Espainia eta Europako iparralde arteko 342 hegaldi bertan behera utzi dituzte eguerdiko 14:30ak arte, Aenak aditzera eman duenez.

Hain zuzen, Erresuma Batua, Irlanda, Norvegia, Danimarka, Finlandia eta Suedia helmuga zuten hegaldiak bertan behera utzi dituzte. 161 Espainiatik irtetzen ziren hegaldiak ziren eta gainontzekoak etorrerak.

Honako aireportuak geratu dira hegaldirik gabe: Madrid-Barajas, Bartzelona, Palma, Lanzarote, Malaga, Valentzia, Alicante, Reus, Almeria, Ibiza, Tenerife Hegoaldea, Murtzia-San Javier, Federico Garciaa Lorca Granada-Jaen, Girona eta Santander.

Norvegia, Danimarka, Suedia eta Finlandia ere kaltetuta

Norvegiak aire-bidezko trafikoa itxi du eta Danimarkako agintariek, 18:00etarako guztiz etengo dutela aditzera eman dute.

Kastrup, Danimarkako hiriburuko aireportu handiena 17:00etan itxiko dute eta baliteke, bihar ere hegaldirik ez izatea.

Finlandiak, bere aldetik, herrialdearen iparraldean 8 aireportu itxi ditu bihar, apirilak 16, 15:00ak arte.

Suediako iparraldean soilik eten dute aire-trafikoa, baina neurria herrialde guztira zabalduko dela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea