Mundua -
Bruselako atentatuak
Maelbeek metro geltokia astelehenean zabalduko dute
Dena dela, ordutegi mugatua izango du, 06:00etatik 22:00etara bakarrik egongo da irekita.
Agentziak | Erredakzioa
Bruselako Maelbeek metro geltokia astelehenean, apirilaren 25ean, zabalduko dute, Bruselako atentatuetan jomuga izan eta hilabete pasatxora. Berria Stib garraiobide publikoen konpainiak jakinarazi du, ordutegi mugatua (06:00etatik 22:00etara) izango duela ohartarazi badu ere.
"Astelehenean berriro zabalduko ditu ateak Maelbeek metro geltokiak", adierazi dute ohar labur batean.
RTBF telebista kate publikoaren arabera, geltokia konpontzeko lanak amaitu gabe daude, baina atentatu suizidak egituraren egonkortasunari kalte egin ez dionez, hilabetera zabaltzea erabaki dute.
Atentatuko biktimak gogoan hartzeko horma bat apainduko dute, komunikabide honek zehaztu duenez. Bruselako Gobernuak Benoit Van Innis artistari egin dio enkargua, alegia, geltokiko azulejoetan dauden marraztu zituenari. Datozen hilabeteetan egingo ei du lana.
Ikerketa-batzordea, geltokian
Gaur bertan Belgikako Parlamentuan atentatuak ikertzeko sortutako batzordea Maelbeek metro geltokira joatekoa da.
Bihar, larunbatez, atentatuaren biktimek eta haiek artatu zituzten larrialdi zerbitzuetako langileek bisitatuko dute geltokia, 11:00etatik 17:00etara.
Bestalde, Belgikako Trenbide Elkarteak iragarri duenez, gaur, 14:00etatik aurrera, martxan izango da berriro aireportua lotzen duten tren zerbitzua. Hura ere bertan behera geratu zen atentatuen ostetik.