Mundua -

Erresuma Batua

Sadiq Khan laborista, Londreseko lehen alkate musulmana

Botoen % 57 erdietsi du hauteskundeetan, eta inkestek aurreikusten zuten garaipena baieztatu du. Lehen hitzaldian, bere jatorri xumea aipatu du.

Sadiq Khan, Londreseko alkate berria. Agazkia: EFE.
Sadiq Khan, Londreseko alkate berria. Agazkia: EFE.
Sadiq Khan, Londreseko alkate berria. Agazkia: EFE.

Agentziak | Erredakizoa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boto-zenbaketak baieztatu du Sadiq Khan laborista bilakatu dela Londreseko alkate, aurreikusita zegoenez. Khanek 1,31 milioi boto jaso ditu, % 57.

Boris Johnson kontserbadorea zortzi urtean agintean egon eta gero, Khan da Europako hiriburu handi bateko lehen alkate musulmana. Garaipena ziurtatu ondoren emandako lehen hitzaldian, alkate berriak bere jatorri xumeak aipatu ditu, eta esan du inoiz ez zuela imajinatu bera bezalako pertsona bat Londreseko alkatea izan zitekeela.

Halaber, adierazi du harro dagoela, Londresek itxaropenaren aldeko apustua egin duelako, beldurra gaindituta, eta batasunaren alde egin duelako, ez zatiketaren alde. Khanek esan du Londreseko herritar guztien alde lan egingo duela, BBC telebistak jasotako adierazpenetan.

"Beldurraren politika ez da ongi etorria hiri honetan", nabarmendu du alkate berriak. Khan Zac Goldsmith kontserbadoreari gailendu zaio hauteskundeetan; Goldsmith bigarren tokian geratu da, 994.614 botorekin.

Harrotasuna eta itxaropena, Alderdi Laboristaren aldetik

Alderdi Laboristak gehiengoa izango du udalbatzan, eta garailea zoriondu du, azken emaitza ofizialak jaso aurretik ere. Harrotasuna eta itxaropena agertu dituzte laboristen agintariek sare sozialetan zabaldutako mezuetan.

Khan Tootingeko barrutian aukeratu zuten diputatu nazional, eta jatorri pakistandarreko familia xume batean jaio zen. Orain, 8,6 milioi biztanle dituen hiri baten burua izango da. Londreseko alkatearen eskumenak, besteak beste, garraioa, segurtasuna, etxebizitza eta ingurumena dira. Erresuma Batuko garrantzitsuena da, hautaketa zuzena dutenen artean.

Jeremy Coryn Alderdi Laboristako liderrak kontserbadoreek egindako kanpaina zitala gaitzetsi du; izan ere, Khanek estremistekin harremanak zituela esan zuten: "Erabili duten metodoek eta hizkuntzak nahi zutenaren kontrakoa lortu dute".

Boris Johnson alkate ohiak Twitterren esan dio agur zortzi urtean egon den karguari: "Zuen alkatea izatea pribilegio handia izan da", esan du orain diputatua izango denak. Batzuek diotenez, lehen ministroa izateko ere hautagaia izan liteke.

Hauteskundeek, gainera, bi eserleku eman dizkiote Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiari; izan ere, laugarren indarra izan da, Berdeen atzetik, eta Peter Whittle eta David Kurten izango ditu Parlamentuan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Erresuma Batua argazkiak Gaurko azken orduko albistea