Mundua -
Testigantza
"Alcala Mecoko sexu harremanak baimendutakoak dira beti"
Preso ohiak adierazi duenez, kartzelan sexu harremanak zeuden, baina guztiak "baimendutakoak" ziren. "Hori emakumeen eta gizonen artean gertatzen da edonon".
Erredakzioa
Ustez kartzela funtzionari batekin sexu harremanak izan zituen emakumearen zigor-zelda berean zegoen Madrilgo Alcala Meco emakumeentzako Madrid I kartzelako preso ohi batek adierazi duenez, sexu hartu emanak egotea ukatu du. "Ez dago eskandalurik", baieztatu du.
Preso ohiak adierazi duenez, kartzelan sexu harremanak zeuden, baina guztiak "baimendutakoak" ziren. "Hori emakumeen eta gizonen artean gertatzen da edonon", adierazi du. Horretaz gain, bera kartzelan hiru urte eta erdiz egon zela baina ez zuela sexu harremanik izan adierazi du. "Testuingurutik atera da".
"Kartzelak bekaizkeria handia sortu du, eta emakumeen artean are gehiago", adierazi du Alcala Mecoko preso ohiak. "Ez dakit zer egongo den honen atzean, baina litekeena da ika-mikak eta bekaizkeria egotea".
Kargugabetzea
Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak kargugabetu egin ditu Madrilgo Alcala Meco kartzelako zuzendaritzako kideak eta funtzionario bat "portaera onartezinak" leporatuta. Emakumezko presoekin, mesedeen truke, sexu harremanak izan ote dituzten ikertzen ari dira, Europa Press albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Hala ere, ez omen dago zantzurik sexu-harremanak droga lortzeko izaten zituztela esateko, izan ere, kasu horretan epaile baten esku geratuko litzateke gertatutakoa argitzea.
Mercedes Gallizo buru duen Espetxeetako Zuzendaritzak esan du ikerketa abiarazi dutela ardurak argitzeko eta "portaera onartezinak" noraino heldu diren jakiteko.