Mundua -
Bilera Washingtonen
Susperraldi ekonomikoa espero baino handiagoa izan da G-20ren ustez
G-20ren ministroen eta banku zentralen presidenteen ustez eurek egindako ahaleginei esker lortu dira aurrerapenak. Grezia eta Txina ez dira aipatzen G-20ren adierazpenean.
Erredakzioa
G-20ko Ekonomia eta Finantza ministroek adierazi dutenez, azken urtean sortutako krisiarekin amaitzeko xedez, susperraldi ekonomikoa espero baino handiagoa izan da, Washingtonen izandako bileraren ostean plazaratutako agiriaren arabera. Dokumentuak ez du Greziaren egoera zaila ezta Txinako moneta aldatzean sortzen den egoera aipatu.
Agirian adierazten denez, G-20ren ministroen eta banku zentralen presidenteen ustez eurek egindako ahaleginei esker lortu dira aurrerapenak.
Greziaren egoera bileran mintzagai izango ez zen arren, G-20ko herrialdeen ordezkariek horren inguruan hitz egin dute. Izan ere, Grezia erreskatatzeko planean 45.000 milioi euro inbertitu dira, herrialde bat erreskatatzeko martxan jarri den planik garestiena.
Finantza ministroek adierazi dutenez, ez daude prest Greziako egoera txarrera egitea uzteko, Europar Batasuneko edo nazioarteko ekonomia arriskuan ez jartzeko.
Halaber, G-20ren kideek ez dute akordiorik lortu finantza erakundeetan jarritako diru publikoa nola berreskuratzeko. Bestalde, Txinak bere monetaren, yuanaren, balioa igo behar lukeen esatea saihestu dute.