Mundua -
Errefuxiatuak Espainian
Heldu dira Madrilera Greziatik atera dituzten 20 errefuxiatuak
Guztira, 7 gizon, 5 emakume eta 8 haur daude lehen taldean. Katalunian, Aragoin eta Andaluzian hartuko dituzte.
agentziak | erredakzioa
Greziatik ekarritako 20 errefuxiaturen lehen taldea eguerdian heldu da Madrilera. Iheslariok gobernuz kanpoko zenbait erakunderen laguntza jasoko dute nazioarteko babes eskaera bideratzen duten bitartean.
Hiru familia oso, eta bakarrik etorri diren emakume bat eta hiru gizon daude taldearen baitan; guztira, zazpi gizon , 5 emakume eta zortzi haur.
Errefuxiatu horietatik 10 Kataluniak hartuko ditu, beste bederatzi Aragoira joango dira, eta beste bat, Andaluziara.
Hegazkinak 12:06 zirenean lur hartu du Adolfo Suarez-Madrid Barajas aireportuan. Hegaldi horretako bidaiari batzuek azaldu dutenez, "nekatuta baina pozik" ikusi dituzte iheslariak.
Grezian dauden errefuxiatuei egonlekua emateko Europak antolatutako programaren barne daude Espainiako Estatura heldu diren 20 pertsona horiek, eta Espainiako Gobernuak jasoko dituen 150 errefuxiaturen taldearen barne daude.
Espainiara bidaiatuko den familietako bat.
Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 30ean beste 44 pertsona helduko dira, eta ekainaren 1ean, beste 19 errefuxiatu. Hain justu, horietatik % 10 bat, zortzi iheslari, Euskadik hartuko ditu, Angel Toña Ekonomia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri duenez.
Gainerako 67ak ekainaren bukaeran bidaiatuko dira Estatura.
Bestalde, Espainiak Italian dauden beste 32 lagun ere hartuko ditu.
Idomeniko kanpalekua jendez husten hasi da
Greziako Polizia Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua jendez husten hasi da gaur goizean, Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugan, bertako hedabideek berri eman dutenez. Gaur egun, 8.000 errefuxiatu inguru daude Idomenin.