Mundua -

AEB

New Yorkeko atentatu saiakeraren egilea dela aitortu du atxilotuak

Pakistandar jatorriko gizonezko estatubatuarrak bakarrik egin zuela eta bere herrialdeko muturreko taldeekin loturarik ez duela aitortu duen arren, Pakistanera egin zuen bidaia ikertzen dabiltza.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Faisal Shahzad gaur goizealdean atxilotutako pakistandar jatorriko gizonezko estatubatuarrak, larunbatean New Yorkeko Times Square plazan izan zen atentatu saiakeraren egilea dela onartu duela aditzera eman dute. Bakarrik egin zuela eta bere herrialdeko muturreko taldeekin inolako loturarik ez duela baieztatu du, kasuko iturriek aditzera eman dutenez.

"Mendiko-autoa erosi, lehergailua muntatu, autoan jarri, atentatuaren lekuan mendiko-autoa utzi eta alde egin" izana aitortu du.

Igandean, Pakistango talibanek eraso saiakera aldarrikatu zuten, baina agintariek ez zioten sinesgarritasunik eman iragarpenari. Dena den, atxilotuak Pakistanera berriki egindako bidaia ikertzen dabiltza.

Eric Holder AEBetako fiskal nagusiak goizeko prentsaurrean azaldu duenez, JFK aireportuan atzeman dute Dubairako hegazkin bat hartzera zihoanean.

Fiskal nagusiaren hitzetan, ikerketa zabalik dago oraindik, eta beraz, ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.

Holderrek nabarmendu du atentatuaren helburua "estatubatuarrak hiltzea" zela. Halaber, atentatuaren inguruko lehen informazioa herritar bati esker izan zutela txalotu du. Horrenbestez, "adi jarraitzeko" deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea