Mundua -
Atentatua Times Square-n
Obama: "Ez gaituzte kikilduko, eta justizia egingo dugu"
Gainera, Pakistango agintariek beste bi lagun atxilotu dituzte eraso saiakerarekin erlazioa dutelakoan.
Erredakzioa
"New Yorkeko Times Square-n izandako eraso saiakera bezalakoek ez gaituzte kikilduko". Barack Obama AEBetako presidenteak Washingtoneko enpresa buruen aurrean egindako adierazpenetan, iragan larunbateko atentatuak hainbat hildako sortzeko zorian egon zen.
Bestalde, Faisal Shahzad gaur goizaldean atxilotutako pakistandar jatorriko gizonezko estatubatuarrak, larunbatean New Yorkeko Times Square plazan izan zen atentatu saiakeraren egilea dela onartu duela aditzera eman dute. Bakarrik egin zuela eta bere herrialdeko muturreko taldeekin inolako loturarik ez duela baieztatu du, kasuko iturriek aditzera eman dutenez.
Atentatu honen aurrean "justizia" egingo dutela azpimarratu du Obamak. Horrez gain, "bizi garen garaian, erakusgarri handiko" gertaera izan dela gaineratu du AEBetako presidenteak.
Obamaren hitzetan, hiritar "arruntei" esker, atentatua zapuztea lortu zuten. Bere ustez, hiritar horiek "adi" egon ziren, eta egoeraz "azkar" ohartarazi zuten.
"Jakin badakigu, atentatuaren egileek izua sortu nahi dutela AEBetako hiritarren bizimoduan, baina ez gaituzte kikilduko", esan du Obamak.
Igandean, Pakistango talibanek eraso saiakera aldarrikatu zuten, baina agintariek ez zioten sinesgarritasunik eman iragarpenari. Dena den, atxilotuak Pakistanera berriki egindako bidaia ikertzen dabiltza.
Bi atxilotu Pakistanen
Bestalde, Pakistango agintariek beste bi lagun atxilotu dituzte eraso saiakerarekin erlazioa dutelakoan, Inteligentziako arduradun batek Washington Post egunkariari jakitera eman dionez. Washingtonekin lankidetza erabatekoa izango zela iragarri zuen Pakistanek lehenago.
Atxilotuetako bat Tausif Ahmed bezala identifikatu dute. Ustez Ahmed duela bi hilabete AEBetara joan zen Faisal Shahzadekin bilera izateko.