Mundua -
Iruzkina
Jihadisten esku luzea
Times Squareko atentatu saiakeran, Londreseko U-7ko sarraskian bezala, egileak jatorri pakistandarra dauka.
Jesus Torquemada
Ez dator gauza onik Estatu Batuetan bizi diren musulmanentzat.
New Yorkeko Times Squareko atentatu ahaleginaren arduraduna jatorri pakistandarreko estatubatuarra den albisteak areagotu egingo ditu AEBetan musulmanen kontra dauden aurriritziak.
Bertsio ofizialaren arabera, atxilotua, Faisal Shahzad, Pakistanen jaio zen, baina joan den urtean Estatu Batuetako nazionalitatea lortu zuen urte askotan han bizi izateagatik.
Bertsio ofizialaren arabera, beti, orain gutxi Shahazek bost hilabete eman zituen Pakistanen eta han sartu zen harremanetan atentatu nola egin erakutsi zioten talde jihadista batzuekin.
Horrek antza kezkagarria dauka Londresko metroan 2005ko uztailean izandako atentatuekin. Egileak lau gazte britainiar izan ziren, denak jatorriz Pakistangoak. Nor bere familia bisitatzera joan ziren Pakistanera eta han norbaitek burua berotu zien sarraski bat egin zezaten Britainia Haundian, hain zuzen, jaio, hazi eta hezitako lurrean.
Nabaria da Pakistan dela talde jihadisten eta talibanen erretaguardia, Afganistanen bezain indar handia baitaukate. Kezka handitu egin da Estatu Batuetako agintarien artean Times Squareko gertakariaren ondotik.
Irailaren 11kakoa bezalako erasoa galeraziko dutelakoan daude, baina badakite ia ezinezkoa dela galeraztea, norbaitek bonbaren bat ipintzea edozein garraiobide edo merkartalgunetan.