Mundua -
IRAK
20.000 ume harrapatuta daude Fallujako erasoan, Iraken
Irakeko Falluja berreskuratzeko erasoak milaka ume utzi ditu "janari eta botika barik, eta ur gutxirekin", UNICEFen arabera.
agentziak | erredakzioa
Estatu Islamikoaren esku dagoen Falluja hiria berreskuratzeko Irakeko armadak abiatutako erasoan gutxienez 20.000 ume harrapatuta daudela esan du gaur UNICEFek.
Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak prentsa-ohar bidez azaldutakoaren arabera, zibilak "janari eta botika barik daude eta ur eskasia dute".
"Operazio militarra hasi zenetik oso familia gutxik lortu dute Fallujatik ateratzea", azpimarratu du UNICEKek.
Irakeko armadak eta nazioarteko koalizioaren abiazioak ISIS talde terroristaren bigarren gotorlekuaren aurkako erasoaldia hasi zuten, maiatzaren 23an.
Segurtasun indarrek giza korridoreak zabaldu dituzte zibilak Fallujatik ateratzeko, baina UNICEFen arabera, horrek ez du izan, orain arte, arrakasta handirik. Bien bitartean, armadak eta Haidar al Abadi lehen ministroak zibilak hiria uzteko deia egiten jarraitzen dute.
"Umeen babesagatik kezkatuta gaude, Fallujan eta Iraken, oro har, bortizkeria gero eta handiago delako", gaineratu du UNICEFek.