Mundua -

''Ohore krimenak''

Ama batek alaba hil du Pakistanen, bere baimenik gabe ezkontzeagatik

"Ohore krimenak" ez dira salbuespenak Pakistanen: iaz, gutxienez 923 emakume hil zituzten herrialde hartan, indarkeria mota horren ondorioz.

Polizia bat, ama batek alaba hil duen etxearen kanpoaldean. EFE
Polizia bat, ama batek alaba hil duen etxearen kanpoaldean. EFE
Polizia bat, ama batek alaba hil duen etxearen kanpoaldean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ama batek alaba hil du asteazken honetan Lahoren (Pakistan), bizirik zegoela su emanez, bere baimenik gabe ezkontzeagatik. Tankera horretako hilketak "ohore krimenak" deitzen dira herrialde hartan, eta gaurkoa bigarrena izan da bi astean.

Biktima Zeenat Bibi da, 17 urtekoa. Amak kerosenoa isuri dio, eta ondoren su eman dio.

Poliziak azaldu duenez, neskatoa duela astebete ezkondu zen, familiaren baimenik gabe, eta senarrarekin ihes egin zuen, baina senideek etxera itzultzea eskatu zioten.

Senarraren esanetan, "neskatoak ez zuen itzuli nahi, hilko zuten beldur, baina osaba batek bermatu egin zidan haren segurtasuna, eta joaten utzi nuen".

Duela astebete, 19 urteko neska bat torturatu eta hil egin zuten herrialdean, ezkontza proposamen bat errefusatu zuelako.

"Ohore krimenak" oso ohikoak dira Asiako hegoaldean. Bertako familiak oso kontserbadoreak dira, eta, hilketa horiekin, euren ustez "irainak" direnak mendekatu nahi dituzte.

Iaz, 923 emakume hil zituzten Pakistanen indarkeria mota horren ondorioz, herrialde hartako Giza Eskubideen Batzordearen (HRCP) arabera. Nolanahi ere, benetako zenbakia askoz handiagoa izan liteke, hilketa asko ezkutuan geratzen baitira.

Aurten, Sharmeen Obaid Chinoy zinemagileak Oscar sari bat irabazi du, "ohore krimen" horietako kasu bat kontatzen duen A Girl in the River: The Price of Forgiveness dokumental laburrarekin.

Filma ikusi eta gero, Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroak krimen mota horren aurkako neurriak hartzea promestu zuen, baina oraingoz ez du bete hitza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Asia Gurasoak