Mundua -

Sarraskia Orlandon

Obama: Omar Mateenek bakarrik jokatu zuen eta Interneten inspiratu zen

Estatu Islamikoak Orlandoko sarraskia aldarrikatu badu ere, AEBko presidenteak esan du ez dagoela frogarik hilketen egilea talde terroristarekin lotzeko.

Barack Obama AEBko presidentea. EFE
Barack Obama AEBko presidentea. EFE
Orlandoko hilketak armen kontrola hizpide bihurtu du berriro

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak azaldu du ez dagoela froga argirik Orlandoko klub gay batean jazotako sarraskia talde erradikal batek "zuzendu" duela eta plan terrorista handiago baten parte dela egiaztatzeko.

Agintariak agerraldia egin du, Etxe Zurian segurtasun nazionaleko arduradunekin batzartu ostean.

Bere hitzaldian, Obamak esan du Omar Mateen Interneten topatutako "material erradikalarekin" inspiratu zela.

Gaur, Orlandoko sarraskiaren egilea bere "soldadua" zela aldarrikatu du Estatu Islamikoa erakunde terroristak, baina AEBko presidentearen hitzek gezurtatu egingo lukete lotura zutela.

Obamaren esanetan, orain arte lortutako datuek adierazten dute gertatutakoa "etxeko terrorismo kasu bat" izan dela.

"Atzerrian Estatu Islamikoaren eta beste hainbat talde erradikalen aurka borroka egin arren, gure erronka nagusietako bat propaganda da", ohartarazi du presidenteak.

Gainera, agintariak "kezka" agertu du, erradikalizatuta dauden pertsonek "arma suntsitzaileak" lortzeko "erraztasuna" dutelako.

"Terrorismoaz hitz egiten dugu, baina ahaztu egiten dugu armekin dugun arazoa. Erakunde terroristak jazarri egin behar ditugu, baina pertsona horientzat armak lortzea erraza ez izatea ere bermatu behar dugu", nabarmendu du.

Horren ildotik, Obamak gogorarazi du Omar Mateenek legalki lortu zuela arma.

Disney Worlden atentatua egitea aztertu zuen

Bestalde, People aldizkariak jakinarazi duenez, Omar Maleenek Orlandoko Disney World parke tematikoa bisitatu zuen apirilean, bertan atentatua egitea aztertzeko.

Antza denez, Mateenen emazte ohiak, Noor Zahi Salmanek, deklaratu egin du FBIren aurrean, eta senar ohiaren asmoen berri eman dio.

Horren hitzetan, gizona Downtown Disney merkataritza-gunean eta azkenean sarraskia egin zuen Pulse klubean ere egon zen.

Disneyk Floridan dituen lau parke tematikoak (Magic Kingdom, Hollywood Studios, Animal Kingdom eta Epcot) metalak atzemateko gailuak eta beste hainbat segurtasun neurri dituzte iaztik, baina Disney Springs merkataritza-guneak ez du halakorik.

People aldizkariaren arabera, Mateenek iruzkin bat publikatu zuen Facebooken, sarraskia egin aurretik, Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoaren buruari leialtasuna promesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Gaurko azken orduko albistea