Mundua -
AEB
Clinton 'historiako hautagai prestatuena' dela esan du Obamak
Kanpainako ekitaldi batean elkarrekin agertu dira Clinton eta Obama. 'Hillary Clintonengan sinesten dudala nago hemen', esan du AEBtako presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama AEBtako presidenteak Hillary Clinton Etxe Zurirako hautagai demokrataren aldeko kanpaina ekitaldi batean hartu du parte. Bere diskurtsoan, Clintonen ibilbidea goratu du Obamak, eta "Estatu Batuetako historiako hautagai prestatuena" dela adierazi du.
Politikagintzan elkarrekin egin duten bidea ere ekarri dute gogora bi agintariok; senatari modura lanean elkarrekin aritu zirenetik, 2008ko primarioetan elkarren aurka lehian aritu zirenerainoko bideaz hitz egin dute. Batak presidente gisa eta besteak Estatuko idazkari modura azken urteotan lanean emandako urte "oparoak" ere izan dituzte mintzagai.
"Hillary Clintonengan sinesten dudala nago hemen, esan du Obamak, Charlotten, Ipar Karolinan, eskaini duen mitinean. "Ziur naiz ez duela amore emango, desafioa gogorra izanda ere", gaineratu du.
2008ko primarioetako hauteskunde kanpainari buruz luze hitz egin du presidente estatubatuarrak. Orduan, hautagai demokratak ziren biak, eta Obamak irabazi zuen lehia. "Senatari gisa miretsi egiten nuen Clinton, eta hauteskunde primarioen ondoren are gehiago miresten nuen: bere ezagutza eta inteligentzia bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen", zehaztu du.
Donald Trump hautagai errepublikarraren izena zuzenean aipatu ez duen arren, zeharka aipatu du. "Mundu osoak izan dezake iritzi bat, baina inork ez daki lan hau zer den, mahaiaren atzealdean esertzen den arte. Edozeinek txioka dezake –Trump oso aktiboa da Twitterren-, baina lan egiteko mahai baten atzean esertzea ezinbestekoa da", esan du.