Mundua -
Poliziaren indarkeria
Ameriketako Estatu Batuak, arrazen arteko tentsioan murgilduta
Polonia eta Espainiara egiten ari zen bidaia laburtu behar izan du Obamak, eta Dallasera joango da asteartean, hildako bost poliziei omenaldia egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 48 pertsona atxilotu dituzte gaur Baton Rougen (Louisiana). Iragan ostegunean poliziak bizilagun beltz bat hil ondoren, protestak nagusi dira eskualdean.
Bestalde, beste 200 pertsona atxilotu zituzten atzo AEBko hainbat hiritan. Poliziaren indarkeriaren aurkako protestak herrialde osoan zabaldu dira.
Azken egunetan lasaitasunerako deia egin du Barack Obama AEBko presidenteak. Poloniara eta Espainiara egiten ari zen bidaia laburtu behar izan du agintariak. Asteartean Dallasera joango da, hildako bost poliziei omenaldia egiteko.
Istiluak
WAFB telebistak jakitera eman duenez, hasieran protesta baketsua zen, baina manifestarien eta polizien arteko tentsioak gora egin du, eta istiluak eta liskarrak gertatu dira.
Telebista kateak Poliziaren iturriak aipatuta ziurtatu duenez, azkenean 48 manifestari atxilotu dituzte. Louisianako protestetan, ia 200 lagun atxilotu dituzte iragan ostiraletik; 30 bat, lehen egunean, eta 120, larunbatean.
37 urteko Alton Sterlingen hilketak Baton Rougeko bizilagunak aztoratu ditu, baina protestak ez dira iragan ostiralera arte areagotu. 25 urteko Micah Xavier Johnson soldadu ohi beltzaranak bost polizia hil zituen Dallasen (Texas) eta beste bederatzi pertsona zauritu zituen, zazpi polizia tartean, indarkeriaren aurkako martxan batean.
Arrazen arteko tentsioak gora egin du azken egunetan AEBn, iragan astean Sterlingen eta Minnesotan gizon beltz bi hil ondoren. Poliziak trafiko-arau bat urratu ondoren tirokatu zuen bigarrena.