Mundua -

Gerra zibilaren atarian

Gutxienez 15 lagun hil dira istiluetan, Thailandian

'Alkondara gorri'en buruzagiek amore eman dute, Thailandiako Armadak erasoaldia hasi eta gero alde egin dute Bangkokeko erdigunean zuten kanpamendutik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 15 lagun hil dira gaur Thailandiako Armadak ''alkandora gorrien'' gotorlekuari egindako erasoaldian, iturri medikoek jakinarazi dutenez.. Liskarrak hiriburuan eta Thailandiako iparraldean eta ipar-ekialdean errepikatu dira.

Pathum Waranan tenplu budistaren barnean beste bederatzi gorpu aurkitu dituzte, ''alkandora gorriak'' hustu dituzten zonatik gertu, Piyalarp Wasuwat Phra Mongkut ospitaleko doktoreak azaldu duenez. Soldaduen eta manifestarien artean tiroketak izan dira.

Erasoaldian bost lagun hil dira, besteak beste, Italiako berriemaile bat. Udon Thai probintzian ''alkandora gorriek'' hiriburuko udaletxeari eraso eta su eman diote. Bi lagun hil dira segurtasun indarrek egindako tiroen ondorioz.

Iragan ostegunean Armadak operazioa hasi zuenetik 55 lagun hil dira eta beste 450 bat zauritu dira.

Kanpamendutik alde

''Alkondara gorri''en buruzagiek amore eman dute gaur, Thailandiako Armadak erasoaldia hasi eta gero, eta alde egin dute Bangkokeko erdigunean zuten kanpamendutik.

Dena dela, Gobernuak etxeratzeko agindua ezarri du, kontrolik gabe dauden eta amore emateari uko egin dioten hainbat "alkandora gorri" eraikinei erasotzen ari baitira. Bangokoken eta Thailandiako iparraldeko beste 20 bat herrietan ezarri du Gobernuak etxeratzeko agindua.

Hainbat eraikin sutan daude hiriburuan. Bangkokeko Central World merkataritzagunea, Asiako bigarren inportanteena, adibidez, errauts eginda dago, eta Burtsaren egoitzari ere su eman diote. Hiriko toki askotan argindar barik daude.

Olatz Simon EITBk Bangkoken duen berriemaile berezia gertutik jarraitzen ari da gatazka. Telefonoz azaldu duenez, egoera larritzen ari da, eta manifestariak kazetari atzerritarrak ere iraintzen ari dira. Hori dela eta, asko hoteletara itzuli dira, bertatik informatzeko.

The Nation eta Bangkok Post egunkarien (ingelesez gehien saltzen direnak herrialdean) egoitzak hustu egin behar izan dituzte, erasoen beldur, telebista-kate publiko baten aurka egin baitute.

Agintarien etxeratze aginduaren aurrean, "alkandora gorri" erradikalen ''B plana''&' || 'nbsp; hiriburuko eraikin garrantzitsuen aurka egitea izango da.

Hiriburutik kanpo, herrialdeko ipar-ekialdeko bi herritako Udaletxeei eraso diete. Dena dela, badirudi ez dela biktimarik egon erasootan.

Bien bitartean, agintariek ohartarazi dute gauez ere operazio militarrarekin aurrera jarraituko dutela.

Adituen ustez, Thailandia gerra zibilaren atarian dago.

"Alkondara gorri"en buruzagiek amore eman dute

Aldez aurretik, kanpamenduan bertan, Jatuporn Promphan fronte gorriko buruzagi nagusiak amore emango zuela iragarri zien jarraitzaileei, jende gehiago hiltzea saihesteko.

"Jakin badakizue ez zaituztedala inoiz abandonatuko, baina heriotza gehiago saihesteko unea heldu da, gure ''alkandora gorriak'' baitira hiltzen ari direnak", esan zuen inguruan daukaten eszenatokitik jaitsi baino lehen.

Ondoren, Promphanek berak eta Kwanchai Praipana, Natthawut Saikua eta Wiphuthaleng Phattanaphuthai buruzagiek euren burua entregatu dute.

Agintariek buruzagi horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten, salbuespen egoera urratzea egotzita.

Beste 24 buruzagik, ordea, ihes egin dute.

Italiako argazkilari bat, hildakoen artean

"Alkandora gorriak" Bangkokeko erdigunetik aterarazteko operazio militarraren ondorioz lau pertsona hil dira eta 50dik gora zauritu, baina haiei azken sei egunetan hildako 39ak eta zauritutako 266ak gehitu behar zaizkie.

Gaur hildakoetako bat Fabio Polenghi 45 urteko argazkilari italiarra da. Beste hirurak "alkandora gorriak" dira.

Zauritutako gehienak ere oposizioko kideak dira gehienbat, baina Herbeheretako kazetari bat ere badago haien artean.

Gobernuaren eta "alkandora gorri"en arteko negoziazioek porrot egin eta gero, Abhisit Vejjajiva lehen ministroak fronte gorriaren kanpamendua hustea agindu zuen.

Thailandian krisi politiko sakona bizi da, 2006an estatu kolpe batek Shinawatra lehen ministroa agintetik kendu zuenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea